Mundua -
AEB-en behe ganbera
Hasi da Trump kargugabetzeko prozesua
Bill Taylor diplomazialaria izan da deklaratzen lehena, eta esan du Trumpek Ukrainan zuen interes handiena Biden zelatatzea zela, beste edozeren gainetik.
agentziak | erredakzioa
Gaur hasi da AEBetako Behe Ganberan Trumpen aurkako epaiketa politikoari bide eman diezaiokeen prozesua, lehen agerraldi publikoarekin. Ukrainari Biden zelata zezan eskatzeko presidente karguaz aprobetxatu ote zen frogatu nahi dute.
Bill Taylor Ukrainan dagoen diplomazialari estatubatuarra da lehen agerraldian deklaratu duena. Haren esanetan, Donald Trump AEBko presidenteak Ukrainan zuen interes nagusia Joe Biden presidenteorde ohiaren "ikerketak" ziren. 2020ko hauteskundeei begira izan dezakeen aurkari nagusia izan daiteke Biden.
Diplomazialariak jakinarazi duenez, Trumpek Gordon Sondlandi (AEBk Europar Batasunean duten enbaxadorea) deitu zion uztailean jatetxe batetik, eta Taylorren taldeko norbaitek entzun egin zuen gainetik.
Deiaren ostean, Taylorren laguntzaileak Sondlandi galdetu zion ea zein zen presidenteak Ukrainaz zuen iritzia, eta horrek erantzun omen zion Trumpi "gehien axola zaiona Bidenen ikerketak" zirela, AEBek Ukrainan duten ordezkari nagusiak azaldu duenez.
Ukrainak harremana estutu du AEBekin 2014tik, Moskuk Krimeako penintsula beregain hartu zuenetik; eta, gainera, 2014tik AEBek 1.600 milioi dolarreko laguntza militarra ematen dio Ukrainari.
Taylorrek esandakoaren arabera, Rudy Giuliani, Trumpen abokatu pertsonala, Ukrainarekin komunikatzeko bide "erabat irregularra" zen, eta AEBetako diplomaziak Europa ekialdeko herrialdean jarriak zituen helburu ofizialak urratzen zituen. Berez, erreforma energetikoak eta ustelkeriaren aurka borroka sustatzera joan ziren estatubatuarrak hara.
Diplomazialariak adierazi duenez, Trumpek Ukrainari eskatu zion Biden eta demokratak iker zitzan, 400 milioi dolarreko laguntza militarraren eta Etxe Zurian Zelenskiren eta Trumpen beraren arteko bileraren truke.
Gaurko agerraldia lehenengoa izan da, eta aurrerantzean izango direnak bezalaxe, telebista kate nagusietan zuzenean ematen ari dira.
Epaiketa politiko baterako agerraldiak egiten diren lehen aldia da azken 20 urteotan, azkena Bill Clintonen aurkakoa izan baitzen, Monica Lewinsky bekadunarekin izan zuen aferagatik.