Mundua -
Venezuela
Juan Guaidoren jarraitzaileak Venezuelak Brasilen duen enbaxadan sartu dira
Guaidoren bozeramaileen arabera, 'funtzionario talde batek borondatez entregatu du egoitza diplomatikoa'. Hala ere, Brasilgo diputatu batek dio talde batek eraikina 'inbaditu' duela.
Agentziak | Erredakzioa
Juan Guaido Venezuelako Asanblea Nazionaleko buruzagiaren eta bere burua presidente izendatu zuenaren jarraitzaileak Venezuelak Brasilen duen enbaxadan sartu dira asteazken honetan, Brasilian.
Maria Teresa Belandriak (Guaidok Brasilen duen ordezkaria) ohar batean adierazi duenez, funtzionario batzuek gaur goizean esan dute "Juan Guaido presidentea onartzen dutela" eta "egoitza diplomatikoa Brasilen legitimoki egiaztatutako ordezkaritzari borondatez" emango ziotela.
Brasilgo Langileen Alderdiko Paulo Pimenta diputatu brasildarraren esanetan, ordez, taldeak eraikina "inbaditu" du goizaldean, eta "nahiko borroka bortitza" izan da Nicolas Maduro presidentearen Gobernuaren defendatzaileen eta aurkakoen artean.
"Brasiliako poliziak edo kantzileria berak gune hori indarrez hartzen saiatu ziren kolpisten ekintza erraztu eta babestu izanaren zantzuak daude", adierazi du Pimentak.
Enbaxadaren barruan dauden Guaidoren aldekoak EFE albiste-agentziari esan diotenez, Polizia Militarra bertan dago, eta uneotan egoera "lasaitasun handikoa" da.