Mundua -
Bolivia
Morales: 'Historiako kolperik maltzurrena eta negargarriena gertatu da'
Jeanine Añez oposizioko senatariak bere burua jo du presidente. Moralesek kargu hartzea kritikatu du, eta Konstituzioaren kontrakoa dela nabarmendu.
Agentziak | Erredakzioa
Evo Morales Boliviako presidente dimititu berriak salatu duenez, "historiako kolperik maltzurrena eta negargarriena gertatu da", Jeanine Añez oposizioko senatariak bere burua presidente izendatu duenean.
"Eskuineko senatari kolpista batek bere burua Senatuko presidente izendatu du lehenengo, eta Boliviako bitarteko presidente gero, Biltzar Legegilearen babesik gabe, konplize talde batez inguratuta eta herria zapaltzen duten Indar Armatuek eta Poliziak babestuta", kritikatu du.
"Nazioarteko herrialdeen aurrean salatzen dut senatari batek bere burua presidente izendatzeko ekitaldiak Boliviako Konstituzioa eta Biltzar Legegilearen arauak urratzen dituela. Kolpe honetarako erabilitako indar polizialek eta militarrek utzitako hildakoen odolaren gainean hartu da erabakia", esan du orain arte Boliviako presidente izan denak.
Moralesen arabera, "aldarrikapen hori Estatuko Konstituzio Politikoaren 161., 169. eta 410. artikuluen aurka doa", presidentetzari uko egiteko eskaera onartzea edo errefusatzea, Senatuko edo diputatuen presidentetzei buruzko konstituzio-oinordetza eta Estatuko Konstituzio Politikoaren nagusitasuna horietan zehazten baita. "Boliviak herriaren botereari egindako erasoa jasan du", adierazi du Moralesek Mexikon.
Añezek bere burua presidente izendatu du
Jeanine Añez oposizioko Mugimendu Demokrata Soziala alderdiko senatariak Boliviako presidente kargua hartu du, Evo Moralesek kargua utzi ondoren. Bart eman duen hitzaldian azaldu duenez, "Biltzar Legegile plurinazional hau osatzen duten hiru indar politikoetako ordezkarien presentzia bermatzeko ahalegin guztiak egin ditugu".
"Ordena konstituzionalean jasotako Estatuaren Presidentetza nire gain hartzen dut, berehala, eta herrialdea baketzeko beharrezko neurri guztiak abiatuko ditudala agintzen dut", esan du, bozketa egiteko bi saiakerek huts egin ondoren quorum faltagatik, Evo Moralesen MAS Sozialismorako Mugimenduko kideak falta baitziren.
Añez, bere burua presidente izendatzeko unean. Argazkia: EFE
Senatariak azpimarratu duenez, "presidenteak eta presidenteordeak lurraldea uztea erabaki zuten, euren borondatez, batzarrak erabaki bat hartu aurretik. Egoera horrek presidentearen oinordetza aktibatzera behartu du, boliviarren bizitza, osotasun fisikoa eta psikologikoa bermatze aldera".
Añezen hitzetan, bere kargu hartzeak "ordena publikoa bermatzeko, estatuaren egonkortasuna lortzeko eta bake-giroa bultzatzeko balio du, Erregimen demokratikoarekin batera arriskuan ikusten baita".
Testuinguru horretan, oposizioko senatariak Konstituzioaren 170. artikulua aipatu du: "Presidentearen eginkizuna bertan behera uzteko arrazoiak dira heriotza edo Biltzar Legegile plurinazionalean dimisioa aurkeztu izana, baita behin betiko absentzia edo eragozpena izatea ere".
"Kasu honetan, beraz, presidentearen eta presidenteordearen behin betiko faltaren ondorioz gauzatutako presidentetzaren ondorengotza baten aurrean gaude, Estatuko presidentetza hutsik geratu baita. Konstituzioarekin bat etorriz, senatarien ganberako presidente gisa, nire gain hartzen dut Estatuko presidente kargua, konstituzio-ordenan aurreikusita dagoenez, eta herrialdea baketzeko beharrezkoak diren neurri guztiak hartzeko konpromisoa hartzen dut ", berretsi du.
Auzitegi Konstituzionalak ontzat eman du erabakia
Boliviako Auzitegi Konstituzionalaren arabera, Estatuko presidentearen behin betiko eragozpen edo absentziaren aurrean, presidenteordeak ordezkatuko du karguan, eta, hori ez badago, Senatuko presidenteak, eta, halakorik ez badago, Diputatuen Ganberako presidenteak ordezkatuko du. Kasu horretan, hauteskundeak deituko dira, gehienez, 90 eguneko epean.
Horrela, Boliviako Auzitegi Konstituzionalak esan duenez, Konstituzioaren testuarekin eta zentzuarekin bat etorriz, Añezek bere gain hartu du Presidentetza "berehala", eta azpimarratu duenez, "bestelako beste edozein iritzik presidentea, ordena konstituzionalean jasota dagoen moduan, berehala ordezkatzeko prozesuaren aurka egin lezake".