Mundua -

Bolivia

Estatu-kolpea salatuta, Evo Moralesek Boliviako presidente kargua utzi du

Armadaren presioak jasan ostean eman du dimisioa. Estatu-kolpea dela salatu dute hainbat herrialdek, tartean Venezuelak, Uruguaik, Kubak, Mexikok, Errusiak eta Siriak.

Evo Morales artxiboko irudi batea. Argazkia: EFE
Evo Morales artxiboko irudi batean.
Evo Moralesek Boliviako presidente kargua utzi du

1:02

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Evo Moralesek Boliviako presidente kargua utzi du eta Parlamentuak astelehen honetan jaso du jakinarazpen ofiziala. Buruzagi indigenak estatu-kolpe bat izan dela salatu du, Armadaren eta Poliziaren eskariz utzi baitu kargua.

Alabaina, Bolivian gerra saihesteko eta bakea lortzeko asmoz presidente karguari uko egitea erabaki duela azaldu du.  

"Presidente indigena naizen heinean, nire ardura da kolpistek sindikatuetako buruzagiak eta haien senideak jazartzeari uztea", adierazi du Parlamentura igorri duen jakinarazpenean, EFE agentziak hango iturriak aipatuta zabaldu duenez.

Moralesek igande arratsaldean iragarri zuen dimisioa emango zuela, bideoan grabatutako adierazpen baten bidez.

Egun, Bolivian, indigenak, sindikatuetako buruzagiak eta bere alderdiko kideak jazarri egiten dituztela salatu du.

"Gaur gure arteko elkartasuna behar dugu, eta bihartik aurrera berriro antolatuko gara, borrokan jarraitzeko, hemen ez baita ezer amaitu", erantsi du.

Bere agintaldian izandako hainbat lorpen aipatu ostean, amore ez emateko deia egiten die herritarrei: "Aberria ala hil", esanez amaitu du oharra.   

Krisiaren jatorria

Amerikako Estatuen Erakundeak txosten bat argitaratu zuen igandean, joan den urriaren 20ko hauteskundeetan irregulartasun larriak izan zirela ohartarazita. Moralesek irabazi zituen hauteskundeak. Laugarren agintaldirako aukeratu zuten presidente.  

Testuinguru horretan, buruzagi indigenak hauteskundeak errepikatzea onartu zuen, baina Armadak eta Poliziak dimisioa emateko "eskatu" zioten, eta, azkenean, hala egin zuen.

Moralasek berehala salatu zuen estatu-kolpe bat ematen ari direla Bolivian. Oposizioak eta Gobernuaren kontrako protestak antolatu dituzten gizarte-mugimenduek halakorik ukatu dute.

Moralesen dimisioaren ondotik, bere alderdiko beste hainbat parlamentarik eta ministrok utzi dute kargua.  

Estatu-kolpearen salaketa

Venezuela, Uruguaik, Nikaraguak, Kubak, Mexikok, Errusiak eta Siriak Evo Morales estatu-kolpe baten biktima dela salatu dute.

Jair Bolsonaro Brasilgo presidentearen esanetan, berriz, Bolivian ez da estatu-kolperik izan. "Galtzen duenean, ezkerrari asko gustatzen zaio kolpe hitza erabiltzea", adierazi du.

Ameriketako Estatu Batuek “trantsizioa” Konstituzioaren baitan egiteko eskatu die Boliviako agintariei eta alderdiei.

Federica Mogherini Europar Batasunaren Atzerri eta Segurtasun Gaietarako arduradunak erantzukizunez jokatzeko deia egin die aldeei, Boliviako hauteskundeak "bakean eta lasaitasunez" egin ditzaten.

Bestalde, Pedro Sanchezen jarduneko Gobernuak Bolivian gertatzen ari dena deitoratu du, Armadaren eta Poliziaren esku-sartzeak Moralesek egindako hauteskunde deialdia "desitxuratu" egin duelako.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Latinoamerika Bolivia