Mundua -

BOLIVIA

Bolivian hauteskundeak errepikatuko dituztela iragarri du Evo Moralesek

Amerikako Estatuen Erakundeak kaleratutako txostenaren ondotik etorri da Moralesen iragarpena. Hauteskundeak errepikatzea eskatu dio erakunde horrek buruzagi boliviarrari.

Evo Morales, artxiboko argazki batean. Argazkia: EFE.
Evo Morales, artxiboko argazki batean
Evo Morales, artxiboko argazki batean. Argazkia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Evo Morales Boliviako presidenteak hauteskunde orokorretarako deialdia iragarri du igande honetan, Amerikako Estatuen Erakundeak (AEE) urriaren 20an egindako hauteskundeen lehen txanda errepikatzea gomendatzen duen txostena argitaratu ostean.

Moralesek agerraldi labur batean adierazi duenez, hauteskunde organo berritu batekin egingo dituzte hauteskundeak, egungoari leporatzen zaizkion iruzur salaketen aurrean.

"Hauteskunde Auzitegi Goreneko bokal guztiak berritu eta hauteskunde orokorrak deitzea erabaki dut", iragarri du Moralesek Boliviako telebista publikoan. "Boliviako herriari bere agintari berriak demokratikoki aukeratzeko aukera emango diogu, aktore politiko berriak sartuta", azaldu du.

Oposizioak azken hauteskundeen aurka protestak eta mobilizazioak egin ostean, "tentsioa murriztea" eskatu du Moralesek. "Guztiok dugu Bolivian bakea berrezartzeko betebeharra", azpimarratu du. "Bizitza errespetatzeko, jabetza pribatuak errespetatzeko, agintariak errespetatzeko eta gizarteko sektore guztiak errespetatzeko deia egiten dut", gaineratu du.

Datozen orduetan, bokal guztiak berritzeko prozedurak ezarriko ditu Asanblea Legegile Plurinazionalak, oposizioak eskatzen zuen moduan.

Boliviako protestak urriaren 20an hasi ziren, Presidentetzarako hauteskundeen gauean bertan, emaitza ofizialen transmisioa bat-batean bertan behera geratu zelako, Moralesen eta Carlos Mesa oposizioko buruzagi nagusiaren arteko bigarren itzulia egitea behartuko zuten emaitzen atarian zeudenean, oposizioaren arabera.

Ia 24 ordu geroago, Moralesi lehen itzulian garaipena eman ziotenean, Mesak "iruzur erraldoia" salatu zuen. Biek deitu zituzten euren jarraitzaileak mobilizatzera, eta horrek istiluak eragin ditu. Gutxienez bi pertsona hil eta 190 baino gehiago atxilotu dituzte azken egunotan.

Testuinguru horretan, Moralesek onartu egin zuen AEEk (Espainiak, Mexikok edo Peruk lagunduta) hauteskundeak ikuskatzea, eta, emaitza edozein dela ere, onartu egingo zuela esan zuen. Mesak, aldiz, ez du onartzen ikuskaritza hori, AEEk eta Boliviako Gobernuak Boliviako oposizioa kontuan hartu gabe lortutako akordio baten ondorio dela iritzita.

Ostegunean eta ostiralean, poliziak matxinatu egin ziren oposizioak indar handiena duen eskualdeetan; lan-baldintzak hobetzea eskatu, eta oposizioko mobilizazioei babesa agertu zieten.

Larunbatean, La Pazen ere matxinadak izan ziren, eta Armadak ohartarazi zuen ez zituela protestak galaraziko.

Igande honetan, azkenik, AEEk Boliviako egoerari buruzko txostena kaleratu du, eta  hauteskunde-prozesuan "irregulartasun larriak" izan zirela jaso du. Hori dela eta,  herritarrek berriro botoa ematera deitzeko eskubidea dutela esan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Latinoamerika Bolivia