Mundua -

KRISIA BOLIVIAN

Boliviako Presidentziaren egoitza zaintzen duten poliziak matxinatu egin dira

Evo Morales presidenteak negoziaketa mahaia osatzeko deia egin dio oposizioari. Gobernuak ziurtatu du ez duela Armada kalera aterako.

Santa Cruzen matxinatutako poliziak. Argazkia: EFE
Santa Cruzen matxinatutako poliziak.
Santa Cruzen matxinatutako poliziak. Argazkia: EFE

AGENTZIAK| ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

La Pazeko poliziek elkarretaratzea egin dute larunbat honetan Murillo plazatik gertu dagoen unitate batean, Boliviako Gobernuaren eta Legegilearen egoitzak dauden lekuan, hain zuzen ere, hainbat eskualdetako poliziak matxinatu eta biharamunean.

Boliviako hainbat telebistetan ikusi ahal izan denez, polizia ugari iritsi dira Polizia Operazioen Unitate Taktikoaren (UTOP) egoitzara. 

Agenteek ez dute oraindik matxinatzeaz hitz egin, ostiralean Cochabamban, Chuquisacan eta Santa Cruzen gertatu bezala, baina egoera aztertzeko bilera egingo dute eta itxura hori hartu du.

Evo Morales berriz ere presidente hautatzearen aurka dauden hainbat talde (iruzurra leporatzen diote) bertara iristen saiatzen ari dira, La Pazeko poliziei babesa adierazteko, atzo beste herrietako polizia matxinatuei egin bezala. Asmo horretan Potosi eta Chuquisacatik La Pazera zihoan autobus karabana bati eraso egin diotela jakin da azken orduetan, Andeetako errepide batean, baina ez da zehaztu zauriturik izan den.

Matxinatutako poliziei elkarrizketarako deia egin die Boliviako Gobernuak, eta Armada ez duela erabiliko esan du

Carlos Romero Boliviako Presidentetza ministroak, "euren ezinegona eta eskaerak zein diren ulertzeko", hitz egiteko deia egin die matxinatutako poliziei. "Horri buruz esan nahi dut konfiantza osoa dugula Boliviako Poliziarekin gertatzen ari dena gainditzeko aukera izango dugula, lehen egin genuen bezala. Troparekin eta buruzagiekin hitz egingo dut ".

Halaber, ministroak gezurtatu egin du Armada 2003ko otsailean gertatutakoaren moduko errepresio militar bat prestatzen ari denik. Orduko hartan, poliziak Gonzalo Sanchez de Lozadaren Gobernuaren aurka matxinatu zirenean, 'Otsail Beltza' deiturikoan, 60 hildako baino gehiago eragin zituzten militarrek eta agintaldia utzi behar izan zuen Sanchez de Lozadak.

"Hemen ez da 2003ko otsailik errepikatuko", ziurtatu du eta "poliziaren ardura historikoa" aldarrikatu du egoerari buelta emateko.

Evo Moralesek elkarrizketarako deia egin dio Boliviako oposizioari

Evo Morales Boliviako presidenteak negoziaketa mahaia osatzeko deia egin dio oposizioari, herrialdea bake bidera itzularazteko. Izan ere, urriaren 20ko hauteskundeen ondotik, krisi larrian dira Bolivian.

Poliziaren unitate batzuk matxinatzen hasi direnetik egin duen lehen agerraldi publikoan, Konstituzioan ezartzen zaien papera betetzeko eskatu die Evo Morales presidenteak poliziei.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Latinoamerika Bolivia