Mundua -
Hauteskunde osteko krisia
Pertsona bat hil eta 60 baino gehiago zauritu dira Bolivian, hainbat liskarretan
Liskarrak Evo Moralesen aldekoen eta kontrakoen artean izan dira La Paz hiriburuan eta Cochabamba hirian.
Agentziak | Erredakzioa
Gutxienez pertsona bat hil eta 60 baino gehiago zauritu dira La Pazen eta Cochabamba hirian, Evo Morales Boliviako presidentearen jarraitzaileen eta aurkarien artean izandako liskarretan.
Nekazari taldeak Cochabambako erdigunetik abiatu dira Moralesen garaipena defendatzeko, eta oposizioko manifestariek kale nagusiak blokeatzeko jarritako hesiak kendu dituzte. Gobernuarekin kritiko direnek lanuzte mugagabea deitu dute.
Nekazarien martxak oposizioaren aldeko talde batekin egin du topo, Evo Moralesen MAS (Movimiento Al Socialismo) alderdiaren egoitzaren parean.
Han, kolpeka eta harrika hasi dituzte liskarrak, eta Poliziak negar-gasa erabiliz esku hartu duen arte iraun dute. Liskarretan, gutxienez pertsona bat hil eta 50etik gora zauritu dira, El Deber egunkariak jakitera eman duenez.
Urriaren 20tik herrialdeak bizi duen krisi politikoaren ondorioz kaleetan hil den hirugarren herritarra izan da.
Hauteskunde krisia
Boliviako protestak urriaren 20an bertan hasi ziren, presidentea hautatzeko hauteskunde egunean, gauean, emaitza ofizialen transmisioa bat-batean eten, eta Evo Moralesen eta Carlos Mesa oposizioko hautagaiaren arteko bigarren itzulia iragartzen zuten emaitzak bertan behera geratu zirenean.
Ia 24 ordu geroago, Moralesi lehen itzulian garaipena eman ziotenean, Mesak "iruzur erraldoia" salatu zuen. Biek deitu zituzten jarraitzaileak mobilizatzera, eta horrek istiluak eragin ditu.
Testuinguru horretan, Evo Moralesek onartu egin du Amerikako Estatuen Erakundeak (AEE), Espainiak, Mexikok edo Peruk lagunduta, hauteskundeen emaitzak ikuskatu eta berresten dituen emaitzak onartzea. Mesak, baina, ez du onartu, Gobernuak eta AEEk oposizioa kontuan izan gabe lortutako aldebakarreko akordioaren emaitza delako, horren esanetan.