Mundua -

Manifestazioak Txilen

Txilen izandako protestei aurre egiteko neurri gehiago iragarri ditu Gobernuak

Sebastian Piñerak 'Levantemos tu pyme' programaren berri eman du, "agenda soziala" bultzatzeko. 19 pertsona hil dira manifestarien eta segurtasun indarren arteko istiluetan.

Santiagoko (Txile) Italia Plazan egindako manifestazio jendetsu bat. Argazkia: EFE
Santiagoko (Txile) Italia Plazan egindako manifestazio jendetsu bat. Argazkia: EFE
Santiagoko (Txile) Italia Plazan egindako manifestazio jendetsu bat. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Txileko Gobernuak neurri gehiago iragarri ditu azken asteetan herrialdeko kaleetara atera diren milaka eta milaka manifestarien eskakizunei erantzuten saiatzeko, agintarien aurka protestak izan ostean.

Sebastian Piñera herrialdeko presidenteak 'Levantemos tu pyme' programaren berri eman du bart. Horren esanetan, Txileko Gobernuak abiatu berri duen "agenda sozialaren baitan" aurreikusitako ekimen bat da, "6.800 enpresa mikro, txiki eta ertaini mesede egingo diena".

Bestalde, Cristian Monckeberg Etxebizitza eta Hirigintza ministroak adierazi duenez, "Gobernuak egoera lehengoratzeko ahalegin handia egingo du, suntsitutako espazio publiko ugari daudela jakitun izanda". "Espazio publiko horiek berreskuratzeko prozesu bat abiatu nahi dugu", gaineratu du.

Horrela, azken asteetan izandako protestetan kaltetutako espazio eta eraikin publikoak berreskuratzeko plana abiatu du Gobernuak. Ekimen horrek kalteen katastroa egitea, konpondu behar diren azpiegituren lanetara ekarpen ekonomikoa bideratzea eta obrak azkartzeko lege-proiektua onartzea aurreikusten du.

"Guztion artean lehengoratuko dugu egoera. Udalerriek eta alkateek, eskualdeko gobernuek, baina baita bizilagunek ere", azpimarratu du Monckebergek.

Urriaren 17an hasi ziren protestak, hilabete gutxitan metroko txartelen prezioa lau aldiz garestitzea erabaki ondoren. Azken asteetan izandako manifestazioetan maila batzuen eta besteen arteko desberdintasun sozialak salatu eta beste konstituzio bat egiteko beharra plazaratu dute herritarrek.

Piñerak larrialdi egoera ezarri zuen, eta egun batzuk geroago barkamena eskatu zien herritarrei, haien eskariak ez entzuteagatik. Testuinguru horretan, "akordio sozial bat" adostea proposatu zuen. Horretarako, aldaketa batzuk egin zituen bere gobernuan, eta elkarrizketak abiatu ditu alderdi politikoekin, oposiziokoekin zein ofizialistekin.

Asteotan, gutxienez 19 pertsona hil dira manifestarien eta segurtasun indarren arteko istiluetan, eta milatik gora atxilotu dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Venezuela Latinoamerika Txile Manifestazioak Bolivia Ekuador