Mundua -

Txile

Sute handia izan da Santiagoko erdigunean, Txileko protestetan

Astelehen honetan izan da, herrialdearen hiriburuko merkataritza-gune batean, Gobernuaren egoitzarantz zihoan ibilaldi baten ostean.

Sutea merkataritza-gune batean jazo da, Txilen, Santiago hiriburuan. Argazkia: EFE.
Sutea merkataritza-gune batean jazo da, Txilen, Santiago hiriburuan. Argazkia: EFE.
Santiagoko protestak sute handi batekin bukatu dira

1:22

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Herritarren nahigabea plazaratzeko asmoz Txileko Gobernuaren egoitza den Moneda jauregirantz zihoan protesta bat sute handi batekin amaitu da astelehen honetan Santiagon, merkataritza-gune batean, herrialdearen hiriburuko erdigunean. Protestan, halaber, hainbat istilu eta barrikada izan dira.

Manifestari batzuek merkataritza-gunea arpilatu dute, eta, gero, sutea piztu da barruan. Aldameneko eraikinetara barreiatzeko zorian izan da, baina, azkenean, ez da halakorik gertatu, suhiltzaileei esker.

Protesta deitu dutenek Moneda jauregiko hesien aurreraino heldu nahi zuten, herritarren nahigabea adierazteko, baina, Karabineroek manifestariei aurre egin ondoren, protestariak Gobernuaren egoitzatik 200 bat metrora geratu dira.

Segurtasun Indarrek protesta erreprimitu dute, Monedara ez iristeko, eta manifestariek ia kilometro bat bete dute Bernardo O’Higgins zumarkalean, Santiagoko kale nagusian.

Sutan zeuden barrikadak gero eta gehiago zirela ikusita, eta agenteei harriak botatzen hasi direnean, Poliziak gas negar-eragilea eta ura botatzeko kamioiak erabili ditu haiek sakabanatzeko.

Borroka horien erdian, zenbait txanodunek merkataritza-gunea ixten zuen hesi metalikoa hautsi dute, eta hiru solairuko eraikinean sartu dira, dendak arpilatzera. Aurreko orduetan, gauza bera egin dute gertuko farmazia eta denda batzuetan ere.

Arpilatzea amaituta, sutea izan da merkataritza-gunearen barruan (batez ere, jantzi-dendak zeuden bertan), eta sua barreiatzen hasi da, suhiltzaileek kontrolpean hartu arte.

Sutea aldameneko bi eraikinetara zabaldu da (bulegoak daude horietan), baina, esan bezala, suhiltzaileak bertaratu dira eta garrak merkataritza gunetik kanpora ez zabaltzea lortu dute.

Protestak, Italia plazan

Bitartean, Italia plazan ere protestak izan dira. Azken hamaika egunetako manifestazioek plaza hori izan dute epizentro, eta 20 lagun hil dira protesta horietan, tartean atzerriko sei lagun.

Toki horretan, manifestariek sute handia piztu dute Baquedano metro-geltokiaren sarreran. Geltoki horren barruan, Poliziak atxilotuetako batzuk torturatu ditu, biktimek aurkeztutako zenbait salaketaren arabera.

Aurreko egunetan bezala, milaka bildu dira plaza horretan, protestak modu baketsuan egiten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Latinoamerika Txile Manifestazioak