Mundua -

TXILE

Inoizko manifestaziorik handiena egin da Txilen, Piñeraren eta murrizketen kontra

Piñerak aste honetan neurri-sorta bat iragarri du txiletarren arteko ezberdintasunak murrizteko, baina horrek ere ez ditu asetu manifestariak.

Protestak Txilen. Argazkia: EFE
Protestak Txilen
Protestak Txilen. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sebastian Piñeraren Gobernuaren aurkako astebeteko protesten ondoren, milioi bat pertsona baino gehiago irten dira kalera modu baketsuan Santiagoko (Txile) Italia plazan, Santiago Eskualdeko Metropoliko Intendentziak adierazi duenez.

La Tercera hedabideak adierazi duenez, 'Txileko ibilaldi handiena' izenekoa demokrazia garaiko protestarik jendetsuena izan da herrialde horretan. "Ibilaldi baketsua Txile berri baten ametsa ordezkatzen duten milioi bat pertsona inguruk osatzen dute", adierazi du Karla Rubilar intendenteak.

Protestak orain dela astebete hasi ziren, metroko txartelaren garestitzea zela eta. Horri, gizarteko hainbat alorretan izandako murrizketen kontrako aldarria gehitu zieten manifestariek. Ondorioz, liskar gogorrak izan dira eta, gutxienez, 19 pertsona hil dira eta ehunka zauritu.

Giza Eskubideen Institutu Nazionalak hainbat salaketa jaso ditu, torturengatik, irainengatik eta bestelako eraso batzuengatik.

Michelle Bachelet Txileko presidente ohiak azken orduotan adierazi duenez, bi pertsona bidaliko ditu herrialde horretara, gertakari horiek ikertzeko.

Piñerak aste honetan neurri-sorta bat iragarri du txiletarren arteko ezberdintasunak murrizteko, baina horrek ere ez ditu asetu manifestariak.

Txileko presidenteak bere "eginbeharra" bete duela adierazi du, eta "bakea berreskuratzen laguntzeko" eskatu die gainerako alderdiei. "Haiek eta haien familiak zaintzea eskatzen dut, denon artean gure herrialdea zaintzea", adierazi die txiletarrei.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Txile Manifestazioak Giza eskubideak