Mundua -
Erresuma Batua
Essexen kamioi batean hilda topatutako 39 pertsonak txinatarrak ziren
Susmagarria, 25 urteko kamioilari ipar-irlandarra, Essexko polizia-etxe batera eraman dute atxilotuta, eta poliziek galdeketa egin diote, gertatutakoaren ingurukoak argitzeko asmoz.
Agentziak | Erredakzioa
Essexko (Ingalaterrako ekialdea) Grays herrian kamioi baten barruan hilda aurkitu dituzten 39 pertsonak txinatarrak ziren, tokiko hedabideek ostegun honetan jakitera eman dutenez.
Bitartean, Erresuma Batuko Poliziak bi etxebizitza miatu ditu Ipar Irlandan. Susmagarria Mo Robinson da, 25 urteko kamioilari ipar-irlandarra. Gidaria heriotza horiekin zerikusia duelakoan atxilotu dute, eta, orain, biktimak identifikatzeko lanean ari dira.
Susmagarria Essexko polizia-etxe batera eraman dute atxilotuta, eta poliziek galdeketa egin diote, gertatutakoaren ingurukoak argitzeko eta 39 pertsonak nondik zetozen jakiteko.
Kamioia asteazken goizaldean iritsi zen Purfleet herrira, Tamesis ibaiaren ertzean, Belgikako Zeebrugge herritik abiatu ostean. Hipotesi nagusiaren arabera, gertakari hori pertsonen trafikoarekin lotuta egon liteke. Kamioian hilda topatutako pertsonak migratzaileak zirela eta helburua Erresuma Batuan sartzea zela uste du Poliziak. Nolanahi ere, ikerketa abiatu dute guztia argitzeko.
"Ez dakigu zenbat denbora egon zen kamioia Belgikan, orduak edo egunak, baina ez dakigu", esan zuen atzo Eric Van Duyse Belgikako Fiskaltzaren bozeramaileak, Erresuma Batuko hedabideek jasotako adierazpenetan.
Erresuma Batuko Krimenaren Agentzia Nazionalak, bestalde, gertaera horietan parte hartu ahal izan zuten "antolatutako talde kriminalak" identifikatzeko lanean ari dela jakinarazi du.
Bertako Poliziak atzo esan zuenaren arabera, kamioiaren kabina Ipar Irlandatik heldu zen, eta Purfeeten hartu zuen trailerra. Bulgariako Atzerri Gaietarako Ministerioak adierazi duenez, atoia Bulgarian dago erregistratuta, Irlandako herritar batena den konpainia baten izenean.
Segurtasun indarrak biktimak identifikatzeko lanean ari dira. Adin nagusiko 38 pertsona eta nerabe bat dira.