Mundua -
Ingalaterra
39 hilotz topatu dituzte kamioi baten barruan, Ingalaterran
Gidaria, 25 urteko gizonezkoa, atxilotu egin dute. Ibilgailua Belgikatik abiatu zen. Gertakaria pertsonen trafikoarekin lotuta egon daitekeela uste dute.
agentziak | erredakzioa
Poliziak 39 hilotz topatu ditu kamioi baten barruan, Essex konderriko industria-gune batean, Ingalaterran. Kamioilaria -25 urteko gizon ipar-irlandarra- atxilotu egin dute, heriotza horien erantzulea delakoan.
Larrialdietako zerbitzuek goizaldean jaso dute abisua, eta kamioiaren atoia irekitzean gorpuak aurkitu dituzte. Ikertzaileek, hasiera batean, kamioia Galesetik zetorrela zabaldu badute ere, arratsaldean argitu dute Belgikako Zeebrugge herritik iritsi dela Ingalaterrara.
Poliziaren arabera, Belgikatik Ipar Irlandara joan zen eta handik Ingalaterrara. Zehazki, 00:30 inguruan heldu da Essexeko industria-gunera eta ordu erdi geroago atera da handik.
Biktimak identifikatzeko lanean ari dira orain, baina Andrew Marine Essexeko Polizia buruak azpimarratu duenez, denbora beharko dute horretarako. Biktimen artean nerabe bat dagoela baieztatu dute.
Kamioilariaren nortasuna ez dute publiko egin, baina atxilotuta dagoela jakinarazi dute. Poliziak hilketa delitua egozten dio.
Ikertzaileen lehentasunetako bat kamioiak egin duen ibilbide zehatza zein izan den argitzea. Goizean goiz, kamioia Bulgariatik abiatu zela zabaldu dute, baina arratsaldean datu hori gezurtatu du herrialde horretako Gobernuak.
"Ibilgailuak Bulgariako matrikula dauka eta hori da gure herrialdearekin duen lotura bakarra. Emakume irlandar batek matrikulatu zuen 2017an, baina orduan atera zen Bulgariatik eta harrezkero kamioi hori ez da Bulgarian izan", azaldu du Boiko Borisov lehen ministroak BTV telebistan.
Hipotesi nagusiaren arabera, gertakari hori pertsonen trafikoarekin lotuta egon liteke. Kamioian hilda topatutako pertsonak migratzaileak zirela eta helburua Erresuma Batuan sartzea zela uste du Poliziak. Nolanahi ere, ikerketak irekita jarraitzen du.
Samina, Gobernuan
Boris Johnson lehen ministroa "atsekabetuta" agertu da berria ezagutu duenean, eta, "zehatz-mehatz zer gertatu den" jakiteko asmoz Barne Ministerioarekin zein Essexeko Poliziarekin harremanetan dagoela adierazi du. Era berean, doluminak agertu dizkie hildakoen senide zein lagunei.
Bestalde, Priti Patel Barne ministroak esan du "lur jota eta triste" dagoela "Grayseko ezbeharragatik". "Essexeko Poliziak gizonezko bat atxilotu du, eta lanean utzi behar ditugu ikerketak egin ahal ditzaten", Twitterren adierazi duenez.