Mundua -
Txile
Gutxienez 11 hildako Txilen, metroaren prezioaren igoeraren aurkako protestetan
Beste hamar lagun "bizi-arriskuan" daude. Sebastian Piñera presidenteak ohartarazi du herrialdea "gerran" dagoela, "etsai indartsu baten aurka".
Agentziak | Erredakzioa
Gutxienez hamaika lagun hil dira eta beste hamar "bizi-arriskuan" daude Txilen, Santiagoko Metroaren prezioaren aurkako protesta bortitzetan, astelehen honetan emandako biktimen azken balantzearen arabera. Hriburuan, beste behin, etxeratze-agindua ezarri dute.
"Hamaika lagun hil dira azken egunotan; hori da kopuru ofiziala. Herenegun hiru hildako izan genituen, eta atzo zortzi", deitoratu du, prentsaurrekoan, Karla Rubilar Santiagoko Eskualde Metropolitarraren intendenteak.
BioBioChile irrati-etxeak zehaztu duenez, igande arratsaldean bi lagun hil ziren, kiskalita, sute batean; izan ere, Construmart kateko lokal bat arpilatu zuten, La Pintana komunan, Samtiagoko Eskualde Metropolitarrean.
Gainera, hirugarren lagun bat ere hil da azken orduan, Coquimbon, "inpaktu balistikoagatik"; hala adierazi du Andres Chadwick Barne ministroak.
Jaime Mañalich Osasun ministroak, aldiz, zehaztu du "hamar lagun" daudela "bizi-arriskuan". Esan duenez, beste bederatzi zauritu ere badaude, baina euren bizitzak ez daude arriskuan.
Barne ministroak, halaber, igandetik astelehenerako gauean izandako istiluan gaineko datuak eman ditu: guztira, Txile osoan, 350 indarkeriazko ekintzak izan ziren; 110 supermerkatutan izandako arpilatzeak eta 14 supermerkatutan piztutako suteak izan ziren larrienak.
Sebastian Piñera Txileko presidenteak, igandean, nazioari helarazitako mezu batean, ohartarazi zuen herrialdea "gerran" dagoela, "etsai indartsu eta bihozgabe baten aurka; etsaiak ez du ezer edo inor errespetatzen, eta prest dago indarkeria eta delinkuentzia mugarik gabe erabiltzeko".
Salaketak, torturengatik
Giza Eskubideen Institutu Nazionalak, bitartean, iragarri du zortzi salaketa aurkeztuko dituela protestetan eta istiluetan izandako torturengatik. Sergio Micco erakundeko zuzendariaren esanetan, 283 lagun atxilotu dituzte (151 gizon, 61 emakume, eta 71 adingabe), eta beste bederatzi biluzi dituzte zenbait polizia-prozeduratan.
Alderdi Komunistak aurreratu duenez, kontua izanik segurtasun-indarren jokabideak salaketa larriak ekarri dituela, kautelazko neurriak eskatuko dizkio Giza Eskubideetako Batzorde Interamerikarrari; halaber, Michelle Bachelet NBErek Giza Eskubideetarako Goi Mandatariari galdegingo dio nazioarteko begiraleak bidaltzeko.
Protestak aurreko astean hasi ziren; Gobernuak erabaki zuen metroko txartelaren prezioa 800 pesoetatik 830 pesoetara igotzea (0,98 eta 1,02 euro). Manifestazioak bortitzagoak izan dira asteburuan, eta kalteak eragin dituzte garraio publikoan; arpilatzeak ere izan dira.