Mundua -
Protestak Txilen
Hiru hildako Santiagon eta larrialdi-egoera Concepcion eta Valparaiso probintzietan
Gainera, 960 pertsona atxilotu dituzte azken 24 orduetan (244, etxeratze-agindua urratzeagatik), Andres Chadwick Txileko Barne ministroak jakitera eman duenez.
Agentziak | Erredakzioa
Bi pertsona hil dira sute batean Txilen, Santiago hiriburuko San Bernardo auzoko supermerkatu batean. Metroko txartelen salneurria garestitzeko erabakiak protestak piztu ditu herrialde osoan.
"Lider supermerkatu batean piztutako sutean bi pertsona hil direla deitoratu behar dugu", zabaldu du Santiagoko Alkatetzak Facebook sare sozialean, eta Txileko Gobernuak baieztatu du ondoren.
"Oraindik ez dakigu ordena publikoa urratzen edo lanean ari ziren", esan du Karla Rubilar intendenteak Cooperativa irratian, eta hiru pertsona hil direla jakinarazi du. Ordu batzuk geroago zehaztu dutenez, hirugarren pertsona larri baina bizirik dago, gorputzeko % 75 erreta.
Hildakoak ez dira supermerkatuko langileak, Walmart enpresak egin eta Chilevision telebistan zabaldutako oharraren arabera.
Gainera, beste pertsona bat hil da beste supermerkatu batean izan den sutean. Matucana kaleko supermerkatu batean aurkitu dute hilda.
Soldaduak manifestazioak blokeatzen, Santiagon (Txile). Argazkia: EFE/Elvis Gonzalez
"Delinkuentzia, lapurreta eta arpilatze ugari" izaten ari direla adierazi du Alberto Espina Defentsa ministroak. Horregatik, 1.500 soldadu zabaltzeko agindua eman du, etxeratze-agindua betearazteko.
San Bernardo salbuespen-egoeran dagoen Santiago hiriburuko auzoetako bat da. Protesta baketsuak eta bandalismoa Santiagon hasi ziren, baina Txile osoan hedatu dira dagoeneko. Duela 30 ordu baino gehiago protestak hasi zirenetik lehen aldiz eman dute hildakoen berri.
Sebastian Piñera Txileko presidenteak larrialdi-egoera ezarri du Biobio eskualdeko Concepcion hiriburuan eta Valparaiso eskualde osoan.
Printzipioz, Concepcionen eta Valparaison 15 egun iraungo du salbuespen-egoerak, baina beste 15 egunez luza daiteke.
Honenbestez, Santiago eta Chacabuco probintzietan ezarritako larrialdi-egoera Concepcion eta Valparaisora zabaldu dute agintariek. Era berean, Santiagoko Puente Alto eta San Bernardo auzoetan ere dago indarrean.
Andres Chadwick Txileko Barne ministroak jakitera eman duenez, 960 pertsona atxilotu dituzte azken 24 orduetan; horietatik 244, etxeratze-agindua urratzeagatik. 103 ekintza larri izan direla ere esan du Chadwickek: 50, Santiago hiriburuan bertan, eta 53, Txileko beste hainbat hiritan.