Mundua -
Gerra Sirian
AEBk eta Turkiak su-etena adostu dute Siria iparraldean
Akordio horren ostean, Donald Trump AEBko presidenteak nabarmendu du duela hiru egun pentsaezina zela su-eten hau lortzea, eta akordio hau denontzat mesedegarria dela azpimarratu du.
Agentziak | Erredakzioa
Mike Pence Amerikako Estatu Batuetako (AEB) presidenteordeak ostegun honetan jakinarazi duenez, milizia kurduak Turkiak aldarrikatzen duen “eremu segurutik” erretiratzeari bide emateko su-eten mugatu bat adostu dute bi herrialdeek Siria iparraldean.
“AEBk eta Turkiak su-etena adostu dute Sirian”, jakinarazi du Pencek, goizean Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentearekin bildu ostean. Testuinguru horretan, Ankarak “120 orduko epea” (bost egun) emango dio YPG milizia kurduari, “eremu segurutik” aldentzeko.
“Mugatik 32 kilometroko sakonerara segurtasun osoz erretiratu ahal izatea errazten ari gara”, esan du Pencek, eta “Kobaneren aurkako operazio militarrak has ez daitezen" Turkiarekin akordio bat lortu dutela gaineratu du.
Halaber, bi herrialdeek “eremu seguru bat eratzeko konponbide baketsu bat lortzeko konpromisoa” agertu dute, nazioarteko herrialdeen babesarekin, “Siriako mugako eremu horretan bakea eta segurtasuna bermatzeko”.
Horrez gain, Siria ipar-ekialdean Estatu Islamikoaren aurka jarduteko konpromisoa hartu dute Turkiak eta AEBk, baita talde terrorista horrek aurretik kontrolatutako eremuetan atxilotze zentroei eta desplazatuei dagokienean elkarlana sustatzeko ahaleginak ere.
Pencek nabarmendu duenez, “bizitza, giza eskubideak eta komunitate erlijioso eta etnikoak errespetatzeko lehentasuna” helarazi diote Erdogani gaurko topaketan.
Gainera, Pencek ziurtatu du akordio hori lortu ezean, Ankararen aurka “zigor gehiago” ezartzea aurreikusten zuela Trumpen gobernuak.
“Akordioa betetzen denean Trumpek bertan behera utziko ditu Turkiari ezarritako zigor ekonomikoak”, ziurtatu du Pencek. Ildo horretatik, su-etena indarrean sartzen denean Washingtonek ez duela herrialde horren aurkako "zigor berririk" ezarriko gaineratu du.
"Albiste itzelak"
Akordio horren ostean, Donald Trump AEBko presidenteak Twitter bidez nabarmendu du duela hiru egun pentsaezina zela su-eten hau lortzea, eta akorido hau denontzat mesedegarria dela azpimarratu du.
Penceren agerraldia baino minutu batzuk lehenago, agintariak nabarmendu du "Turkiatik albiste itzelak" ematekoak zirela, eta eskerrak eman dizkio Erdogani. "Milioika bizitza salbatuko dira", esan du.