Mundua -

IRTEERA

Larunbat honetan bozkatuko dute Londresen 'brexit'erako azken akordioa

Johnsonek kontserbadore euroeszeptikoen, 35 diputatu independenteen eta Ipar Irlandako DUP alderdi unionisteko hamar diputatuen babesa beharko du.

Akordioa aurrera ateratzeko, 320 diputaturen (650 daude) aldeko botoa behar dute. Argazkia: EFE
Kartel bi, 'brexit'aren aldekoa eta EBren aldekoa
Akordioa aurrera ateratzeko, 320 diputaturen (650 daude) aldeko botoa behar dute. Argazkia: EFE

AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EBko eta Erresumako Batuko brexiterako negoziatzaileek adostutako azken akordioaren ostean, Bruselan gaur (osteguna) bilduta dauden gobernuetako goi-buruen erabakiaren zain geldituko da, baina batez ere, datorren larunbatean, urriaren 19an, Westminsterren erabakitzen dutenaren zain: Erresuma Batuko Parlamentuak EBrekin lortutako akordioa berresten ote duen erabaki beharko du.

Akordioa aurrera ateratzeko, 320 diputaturen (650 daude) aldeko boto lortu beharko ditu Johnsonek. Horretarako, kontserbadore euroeszeptikoen, 35 diputatu independenteen eta Ipar Irlandako DUP alderdi unionisteko hamar diputatuen babesa beharko du.

Akordioa ezagutu aurretik zein ostean, Ipar Irlandako DUP alderdi unionistak "gauzak dauden moduan" akordioa ezin duela onartu esan du.

Alderdi Kontserbadoreak, berriz, "ontzat" eman du akordioa eta beste alderdiek babestu dezatela espero du, 2016ko ekaineko erreferendumean erabakitakoa babesten duelako eta Irlandako babes "antidemokratikoa" bertan behera uzten duelako, Jacob Rees-Moggen esanetan.

Jeremy Corbyn Alderdi Laboristako buruaren esanetan, "Theresa Mayk negoziatutakoa baino akordio kaskarragoa lortu du Johnsonek". Ildo horretan, Komunen Ganberak Mayren akordioak hirutan ukatu zituela gogoratu du.

Bestalde, Jo Swinson Alderdi Liberal Demokratako buruak bigarren erreferendum baterako deia egitea aldarrikatu du, eta, galdeketa horretan, Erresuma Batua Europar Batasunean jarraitzeko aukera jasotzea eskatu du. "Brexita geldiarazteko borroka amaitzetik urrun dago", azpimarratu du.

Nicola Sturgeon Eskoziako ministroak ohartarazi duenez, “Eskoziako Alderdi Nazionalak ez du alde bozkatuko”. "Akordio horrek Europar Batasunetik, merkatu komunetik eta aduana batasunetik aterako gintuzke, dena gure borondatearen kontra", deitoratu du Sturgeonek. Testuinguru horretan, Londresi 2020an independentziari buruzko beste erreferendum bat egin ahal izateko baimena formalki eskatuko diola iragarri du aste honetan.

Itun horren aurka dauden buruzagien artean, Nigel Farage Brexitaren Alderdiko burua dago, eta irtenbide onena "haustura garbia" izango litzatekeela ziurtatu du. Faragek esan duenez, "akordio txar bat” lortu aurretik, nahiago izango luke “egoera luzatzea eta hauteskunde orokorrak deitu behar izatea”.

Erresuma Batuko Parlamentuan akordio hori aurrera aterako balitz, Europako buruzagien eta Euroganberaren sinadura baino ez litzateke geratuko. Ildo horretatik, datorren asteko osoko bilkuran bozkatzeko izapideak arinduko dituela aurreratu du Europak, eta, akordioa, brexiterako epea amaitu aurretik, hau da, urriaren 31n, prest egotea aurreikusten da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna Erresuma Batua Eguneko albisteak Albisteak Brexita Zer da Brexita