Mundua -
Gerra Sirian
Pence eta Pompeo Turkiara joango dira gaur, Sirian su-etena sustatzeko asmoz
Bestalde, Erdoganek adierazi du Ankarak ez duela su-etenik negoziatuko Siria iparraldean, eta Washingtonek herrialdeari ezarriko dizkion zigorrekin ez dagoela kezkatuta gaineratu du.
Agentziak | Erredakzioa
Mike Pence Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) presidenteordea Turkiara joango da gaur, asteazkena, Mike Pompeo Estatu idazkariarekin batera, Ankarak Siria iparraldean milizia kurduen aurka abiatutako erasoaldian su-etena negoziatzen saiatzeko asmoz.
“Mike bidaia handi baterako prestatzen ari da", iragarri zuen atzo Donald Trump AEBko presidenteak, eta azken orduetan Washingtonek "jende askorekin hitz egin du", adierazi zuen. Halaber, Turkiari ezarritako zigorrak "gogorrenak" direla esan zuen.
Bestalde, Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak adierazi du Ankarak ez duela su-etenik negoziatuko Siria iparraldean, eta Washingtonek herrialdeari ezarriko dizkion zigorrekin ez dagoela kezkatuta gaineratu du.
Halaber, Siriako tropak Kobane eta Manbij herrietan sartu izana "ez da negatiboa", Erdoganen ustez. "Une honetan, ez dugu interes handirik Kobanerekin, baina aldaketarik balego, esku hartzea azter dezakegu", ohartarazi du.
Bitartean, Turkia eta Siria arteko mugan bizi diren herritarren egoerak "okerrera" egin duela ohartarazi du Vladimir Putin Errusiako presidenteak, eta "onartezintzat" jo du "talde armatu kurduen zaintzapean aritzen diren erakunde terroristak, Estatu Islamikoa barne, egoera horretaz baliatzea".