Mundua -
TURKIAREN ERASOAREN 5. EGUNA
Ras al Ain hiri garrantzitsua berreskuratu dute kurduek
NBEk zabaldutako duenez, Ras al Ain eta inguruan den Tel Abyadetik 130.000 pertsonak alde egin behar izan dute erasoengatik. Estatu Islamiarreko 785 kidek ihes egin dute Ain Issa atxilotze-eremutik.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Siriako Giza Eskubideen Behatokiak urriaren 13 honetan jakitera eman duenez, Siriako Indar Demokratikoek (FSD) Ras al Ain hiri garrantzitsua berreskuratu dute azken orduetan zati handi bat Turkiaren aliatuen esku egon eta gero. Hiri hori gakoa da Siriara sartzeko eta bi aldeen arteko borrokak 21 hildako eragin ditu.
Nazio Batuen Gai Humanitarioetarako Bulegoak zabaldutako datuen arabera, Ras al Ain eta inguruan den Tel Abyadetik 130.000 pertsonak ihes egin behar izan dute erasoak direla eta.
Hasaka hirian eta inguruetan, berriz, urik gabe geratzen ari direla ohartarazi du NBEk, egoera "abiada batean" okertzen ari dela, eta "kritikoa" bihurtzen ari dela bertan bizi diren 400.000 pertsonentzat, horietako laurden bat kanpamenduetan.
Duela bost egun hasi zuen Turkiak oldarraldia - EI Estatu Islamiarraren kontrako borrokan kurduen aliatu izan diren Ameriketako Estatu Batuek zonaldea utzi eta berehala- eta gogor egin die eraso Ras al Ain eta Tel Abyad hiriei, bai bonbardatuz bai lurretik ere.
Ostiraletik itxita daude bi hiri horietako ospitale publiko eta pribatuak baina erasoak jasaten ari dira zona neutralak izan arren, NBEk salatu dutenez.
Liga Arabiarrak Turkiak erasoak bertan behera uzteko eskatu du
Liga Arabiarreko Kanpo Gaietarako ministroek (22 herrialdetakoak) gogor gaitzetsi dute larunbat honetan, Turkiaren erasoa eta berehala bertan behera uzteko eskatu dute.
Kairon urgentziaz egin duten bileran, diplomatiko nagusiek adierazi dute turkiarrek egin dutena Siriaren subiranotasunaren "bortxaketa" dela eta arriskuan jartzen dituela inguru horretako bakea eta segurtasuna.
Gainera, eraso horiek Estatu Islamikoaren kontra orain arte egindako lana zapuztuko dutela eta horiei berrindartzen lagunduko dietela ohartarazi dute.
Hain zuzen ere, Siriako Giza Eskubideen Behatokiak salatu du Estatu Islamikoko kideen 100 senide inguruk ihes egitea lortu dutela bonbardaketei esker. Orain arte Ain Issa atxilotze-eremua zituzten eta eremu hori kurduek zaintzen zuten baina turkiarren erasoaren ondoren "anarkia da nagusi" inguru horretan.
Datu hori handiagoa da, gainera. Igande eguerdian FDStik jakitera eman dutenez, Estatu Islamiarreko 785 kide inguruk ihes egin dute Ain Issa atxilotze-eremutik, Turkiaren erasoak aprobetxatuz.
Kurduek azaldu dutenez, atxilotze-eremuko zaintzaile kopurua asko jaitsi da batzuk borroka frontera joan behar izan dutelako eta eremu hori bera bonbardatu duenez Turkiak, zaintzaile askok ihes egin dutelako.
Europako Batasuneko ministroek astelehenean aztertuko dute gaia
Europako Batasuneko ministroek astelehenen honetan aztertuko dituzte Turkiaren erasoak eta horien ondorioak Luxemburgen espresuki deitu duten bilera batean.
Jada esan dute Turkiaren jarrera bakearen kontrakoa dela, erasoak bertan behera uzteko eskatu diote, eta astelehen honetan Turkiari zigor gehiago jartzea aztertuko dute.