Mundua -

saria

Abiy Ahmed Etiopiako lehen ministroak irabazi du Bakearen Nobel saria

Greta Thunberg ingurumen-ekintzaile gaztea zen askorentzat faborito nagusi, baina Nobelaren batzordeak Ahmed saritzea erabaki du, Eritrearekin lortutako adiskidetze-ituna tarteko.

Abiy Ahmed Etiopiako lehen ministroa. Argazkia: @NobelPrize
Abiy Ahmed Etiopiako lehen ministroa
Abiy Ahmed Etiopiako lehen ministroa. Argazkia: @NobelPrize

EITB.eUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bakearen Nobel saria jasotzeko kinieletan ageri zen bere izena: Abiy Ahmed Etiopiako lehen ministroak irabazi du aurten saria, bakearen eta nazioarteko lankidetzaren alde egindako lanagatik eta, "batez ere, Eritrearekin mugaren inguruan sortutako gatazka konpontzeko egindako adiskidetze-itunagatik". 

Etiopia eta Eritrea bi urtez (1998tik 2000.era) egon ziren gerran, eta 70.000 pertsona hil ziren gatazkaren ondorioz. Ahmed 2018ko apirilean heldu zen boterera, eta haren iritsiera erabakigarria izan zen bi herrialdeak berradiskidetzeko. Alde biek 2018ko irailean sinatu zuten ituna.

Nobelaren batzordeak aitortu duenez, "bakea ez da ekintza aldebakarrekoen bidez lortzen" eta Isaias Afwerki Eritreako presidentearen rola txalotu du, baina Ahmedek aparteko aintzatespena merezi duela uste du. Izan ere, gogorarazi duenez, Ahmed hainbat herrialdeen arteko harremanak hobetzen saiatu da, besteak beste, Eritrea eta Djibuti, Kenya eta Somalia, eta Sudango Gobernuaren eta oposizioaren artean. 

Ahmedek Etiopian egin dituen erreformak ere goraipatu ditu Nobelaren epaimahaiak. "Bizitza eta etorkizun hobe baten itxaropena eman die herritar askori", nabarmendu dute. Agintaldiaren lehen 100 egunetan, larrialdi egoera bertan behera utzi zuen, milaka preso politikori amnistia eman zien, zentsura neurri batzuk kendu zituen, oposizioko alderdiak legeztatu zituen, ustelkeriagatik susmagarriak zirenak boteretik kendu zituen, eta emakumeen presentzia "areagotu" zuen aginte postuetan.

Dena dela, Nobelaren epaimahaiak ohartarazi du oraindik badirela "hainbat erronka". Hala nola, gatazka etnikoak —"adibide kezkagarriak ikusi ditugu azken hilabete eta asteetan"—. Horren harira, aitortu du errokak ikusita, baten batentzat goizegi izatea Ahmedi Nobela ematea, baina uste du lehen ministroaren "eginahalek aitortza eta babesa" merezi dutela.

"Etiopia Afrikako bigarren herrialde populatuena da, eta Afrika ekialdeko lehen ekonomia. Etiopia baketsu, egonkor eta arrakastatsu batek inguruko herrialde eta nazioen arteko anaitasuna indartuko du", adierazi dute Nobelaren batzordeko kideek.

Aurtengo 11 saridunak, gizonezkoak

Iaz Denis Mukwege Kongoko medikuak eta Nadia Murad ekintzaile irakiarrak jaso zuten Bakearen Nobel saria.

Aurten Greta Thunberg ingurumen-ekintzaile gazte eta Nobel Alternatiboaren aurtengo sariduna zegoen faboritoen artean, baina azkenean Ahmedek eramango du golardoa.

11 gizonezko saritu dituzte orain arte jakinarazitako bost Nobeletan —Ekonomiakoa falta da—. Emakumezkorik, beraz, ez dago zerrendan (salbuespen bakarra aurten iragarri duten 2018ko Nobel Literatura sariduna da: Olga Tokarczuk). 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Afrika Nazioartea Nobel sariak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Gazteak albisteak