Mundua -

Gerra Sirian

Erdoganek migratzaileei muga irekiko die, Europak eraso militarra kritikatzen badu

Turkiako presidentearen arabera, ehun bat kurdu hil dituzte jada. 60.000 lagunek etxetik ihes egin behar izan dute, erasoaldiaren ondorioz.

Siriako Ras al-Ein hiria, bonbardatuta. Argazkia: EFE
Siriako Ras al-Ein hiria, bonbardatuta.
Erdoganek ez ditu kritikak onartzen, eta Europa mehatxatu du

1:21

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Recep Tayyik Erdogan Turkiako presidentea haserre agertu da Europar Batasunak Siriako kurduen aurkako erasoaldi militarra kritikatu duelako.

EBk jarrera horri eutsiz gero, Turkian bizi diren migratzaile siriarrei Europan sartzen utziko diela ohartarazi du.

"Adi, Europar Batasuna! Ezin duzue gure operazio militarra inbasioa dela esan. Bestela, ateak irekiko ditugu eta 3,6 milioi errefuxiatuak Europara bidaliko ditugu", adierazi du.

Halaber, Turkiako Armadaren erasoaldiak helburu bakarra duela azpimarratu du: "terrorismoa desagerraraztea".

Horrez gain, Erdoganek Egipto, Saudi Arabia eta Ameriketako Estatu Batuak gogor kritikatu ditu eta terrorismoaren aurkako borrokan ari dela ziurtatu du. Ildo horretan, Saudi Arabiak Yemenen zibilak hiltzen dituela salatu eta Abdelfata al Sisi Egiptoko presidentea "hiltzailea" dela esan du.

Erdoganek asteazkenean iragarri zuen Siria iparraldean kurduen aurkako erasoaldi militarra abiatu zuela. Erasoa airez eta lurrez egiten ari dira.

Bi egunetan 109 kurdu hil dituztela jakinarazi du gaur. Miliziano kurduei amore emateko eta armak entregatzeko eskatu die.

Bestalde, Giza Eskubideen Siriako Behatokiak azaldu du dagoeneko 60.000 lagunek baino gehiagok egin dutela ihes etxetik, Turkiako Armadaren erasoaldiaren ondorioz.

Europar Batasunak su-etena eskatu dio Turkiari

Bitartean, Federica Mogherini Europar Batasuneko goi-karguak esan du errefuxiatuei laguntzeko EBk Turkiarekin duen itunak indarrean jarraitu behar duela, herrialde horrek gerrarako apustua egin duen arren.   

"Siriako errefuxiatuei laguntzeko Europar Batasunaren finantzazioa Turkiaren eraso militarrarekin lotzea akatsa litzateke. Errefuxiatu horiek bi aldiz biktimizatuko genituzke", adierazi du Europar Batasunak bideratutako dirua Turkiako Gobernuaren eskura ez doala gogoratuta.

Gauzak horrela, Mogherinik berehalako su-etena ezartzeko eta konponbide politikoa bilatzeko eskatu dio Erdogani.

 

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna Gerra Siria Eguneko albisteak Albisteak Siriar errefuxiatuak Europan Turkia Errefuxiatuak Siria gaur Ekialde Hurbila gaur