Mundua -

Ekuador

Indigenak: 'Hainbat manifestari hil dira Gobernuaren errepresioaren ondorioz'

Ekuadorko Indigena Nazionalitateen Konfederazioak iragarri duenez, protestetan hildako, zauritutako eta desagertutako pertsona guztien berri emango duen 'txosten osatua' kaleratuko du aurki.

Manifestariak, Quiton egindako protestetako batean. Argazkia: EFE
Manifestariak, Quiton egindako protestetako batean.
Istilu gogorrak Quitoko erdigune historikora itzuli dira

1:24

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ekuadorko Indigena Nazionalitateen Konfederazioak salatu duenez, hainbat manifestari hil dira azken egunetan Ekuadorko Gobernuak protesten aurka erabilitako "errepresio basati eta neurrigabekoaren ondorioz".

"Atsekabe osoz eta haserre betean iragarri behar dugu hainbat kidek bizia galdu dutela Lenin Morenoren Gobernuak erabilitako errepresio basati eta neurrigabekoaren ondorioz", Konfederazioak ohar batean nabarmendu duenez.

Agiriaren arabera, elkartea "giza eskubideen defentsan aritzen diren erakunde batzuekin lanean ari da gizateriaren kontrako delitu horiek zigor gabe gera ez daitezen".

Salatu duenez, "agintariek eta komunikabide batzuek informazio estali nahi badute ere, laster txosten osatu bat kaleratuko dugu hildako, zauritutako eta desagertutakoen inguruan". 

Morenok urriaren 1ean iragarritako erreforma ekonomikoa da protesten iturburu. Nazioarteko Diru Funtsaren kreditu bat eskuratzeko egin zuen erreforma Ekuadorko presidenteak, eta horrek, besteak beste, erregaien prezioa nabarmen garestitu zuen. Horren aurka altxatu dira indigenak, ikasleak eta sindikatuak.

Erreforma indarrean sartu eta bi egunera lehertu ziren protestak, eta enfrentamendu gogorrak izan ziren polizien eta militarren artean. Egoeraren larriaren aurrean, salbuespen-egoera ezarri zuen Morenok.

Ordudanik, bi pertsona hil —bata, auto batek harrapatuta eta bestea, zubi batetik behera jausita—, dozenaka zauritu dira eta 700 bat atxilotu dituzte, azken balantzearen arabera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Latinoamerika Manifestazioak Ekuador