Mundua -
Gerra Sirian
Turkiak Sirian abiatutako erasoaldia aztertuko du gaur NBEren Segurtasun Kontseiluak
Trumpek AEBko tropak Siria iparraldetik ateratzeko erabakia hartu zuen igandean, azken urteotan milizia kurduekin batera Estatu Islamikoaren aurkako borrokan aritu diren arren.
Agentziak | Erredakzioa
Turkiak Siria ipar-ekialdean dauden kurduen aurka abiatutako erasoaldi militarra aztertuko du ostegun honetan Nazion Batuen Erakundeko (NBE) Segurtasun Kontseiluak. Erakundean ordezkatuta dauden Europako bost herrialdek eskatu dute bilera: Alemaniak, Belgikak, Frantziak, Poloniak eta Erresuma Batuak.
Ameriketako Estatu Batuak (AEB) igandean iragarri zuen tropak Siria iparraldetik ateratzeko asmoa, azken urteotan milizia kurduekin Estatu Islamikoaren aurkako borrokan elkarlanean aritu diren arren. Turkiako Armadak erasoaldi militarra abiatuko zuela esan ostean hartu zuen Trumpek erabaki hori.
Siriako agintari kurduek babesa adierazi zioten Washingtonek eta Ankarak lurralde horretan "eremu segurua" ezartzeko hitzartutako akordioari.
Kino Gabriel Siriako Indar Demokratikoen (SDF, ingelesezko sigletan) bozeramaileak AEBren "labankada" salatu du, izan ere, herrialde horren "bermea" zuten lurraldean "Turkiaren erasoaldi militarrik ez onartzeko".
Bestalde, Egiptoko Gobernuak "irmo" gaitzetsi du erasoaldia, eta Arabiar Ligaren larrialdiko bilera eskatu du egoera aztertzeko.
Egiptoko Atzerri Ministerioak herrialde arabiar baten subiranotasunaren aurkako "eraso onartezina" dela esan du.
Lasaitasuna nagusitu da gaur
Turkiaren eta Siriaren arteko mugan lasaitasuna nagusitu da goizean, atzo Turkiako erasoaldi militarra hasi zenean "herritar asko hil eta zauritu" bazituzten ere, Kino Gabrielek azaldu duenez.
"Zibil asko hil eta zauritu dituzte mugako hiri eta herri askotan izandako bonbardaketetan, emakumeak eta haurrak barne", gaineratu du SDFko bozeramaileak, baina ezin izan du kopuru zehatzik eman, oraindik datuak eguneratu gabe dituztelako.
SDFk atzo jakinarazi zuenez, gutxienez 8 pertsona hil dira Turkiaren erasoen ondorioz, tartean 5 zibil. Ras al-Alin eta Tel Abyad hirietan izan dira erasoak, Ankarak kontrolatu nahi duen inguruan.
Qamixli hirian ere izan dira erasoak, Siria iparraldean eta ipar-ekialdean dauden kurduek kontrolatzen duten lurraldeko hiririk jendetsuenetako batean.