Mundua -
AEB erretiratu ostean
Sirian operazio militarra abiatzeko prest dagoela iragarri du Turkiak
Turkiako hainbat hedabideren arabera, Armada hasi da Siriako milizia kurduen kokaleku batzuk bonbardatzen, baina ez dute ofizialki baieztatu.
Agentziak | Erredakzioa
Turkiako Defentsa Ministerioak gaur iragarri duenez, Sirian operazio militarra abiatzeko lanak prestatzen ari da Armada, Siriaren menpeko Kurdistanen (Siria iparraldean) dauden milizia kurduak jomuga dituela.
Hürriyet egunkariak Turkiako Armadako ofizial baten adierazpenak jaso ditu gaur. Horren esanetan, "agintari politikoek agindua ematen dutenean irteteko prest daude indar armatuak. Gaur bada, gaur bertan abiatuko dira, eta bihar bada, bihar. Agindua heltzen zaigunean hasiko gara".
Era berean, Turkiako beste egunkari batzuek Siriako "tokiko iturriak" aipatuta zabaldutakoaren arabera, Turkiako Armadak milizien kokaleku batzuk bonbardatu ditu, baina oraindik ez dago horren baieztapen ofizialik.
2016tik bi operazio militar handi egin ditu Turkiak Sirian; beraz, honakoa hirugarrena litzateke. AEBk atzo iragarri zuten Ekialde Hurbileko herrialde horretatik ateratzeari ekingo ziotela.
Asko dira Turkian operazio horren kontrakoak. Oposizioko burua den CHP alderdiak salatu duenez, Erdoganen eta Trumpen arteko "isileko akordio bat" dago. HDP kurduen aldeko alderdiak ere gogor kritikatu ditu Turkiako Armadaren asmoak.
"Sirian sartzea erraza da, baina ateratzea oso zaila eta mingarria izango da. Operazio horrek ez du lasaitasunik, bakerik edo demokraziarik ekarriko", esan du alderdi horretako bozeramaile batek telefonoz egindako adierazpenetan.