Mundua -
Munduko Merkataritza Elkartea
AEBk muga-zergak ezarriko dizkio EBri urriaren 18tik aurrera
Munduko Merkataritza Elkartearen baimena izango du Trumpen Gobernuak.
Agentziak | Erredakzioa
Urriaren 18tik aurrera EBri muga-zergak ezarriko dizkiola iragarri du AEBk, horretarako baimena eman baitio Munduko Merkataritza Elkarteak.
"EBko hainbat produkturi muga-zergak ezartzeko baimena eman dio Munduko Merkataritza Elkarteak AEBri", esan du Trumpen Gobernuko Robert Lighthizer Kanpo Merkataritzako buruak.
Munduko Merkataritza Elkarteak ezagutzera eman berri duen epaitzaren arabera, Washingtonek urtean 7.500 milioi dolar (6.900 milioi euro inguru) arteko zergak ezarri ahal izango dizkio EBri, Airbus auziaren harira. Hala ere, Kanpo Merkataritzako Bulegoak iragarri duenez, mementoz, muga-zergak % 10 handituko dizkiete EBk AEBri saltzen dizkion hegazkin handiei eta % 25 zenbait nekazal elikagairi.
Muga-zerga horiek eragina izango dute, esaterako, gazta freskoan, olibetan eta Espainiako, Alemaniako eta Erresuma Batuko txerrien elikagaietan, baita Frantziako ardoan ere, AEBko Kanpo Merkaritzak muga-zergen harira ezagutzera eman duen zerrendaren arabera. Jogurtetan, gurinean, gerezietan eta melokotoietan ere eragina izango dute muga-zergek.
15 urteko guda komertziala
AEBren eta EBren arteko liskarra duela 15 urte hasi zen; Munduko Merkataritza Elkartearen erabakiaren arabera, EBk legez kanpoko laguntzak eman zizkion Airbus konpainiari A350 eta A380 hegazkinak egin zitzan, eta kalte zuzenekoa eragin zion lehiakide nagusiari, Boeing estatubatuarrari.
2006an AEBko Gobernuak salaketa jarri zuen eta orain Munduko Merkataritza Elkarteak arrazoia eman dio. Horrenbestez, baliteke guda komertziala piztu izana. Hala ere, Etxe Zuriak jakinarazi duenez, negoziatzeko prest daude eta urriaren 14rako bilera eskatu dute muga-zerga horiek zenbatekoak izan behar diren adosteko.
Ondorioz, EBko produktuen inportazioei 6.900 milioi euro arteko tarifak ezartzeko aukera izango dute estatubatuarrek. Boeingek ere laguntza publikoak jaso zituen AEBko Gobernuaren aldetik. Kasu hori ere Munduko Merkataritza Elkartearen esku dago, eta ebazpena, EBren aldekoa, datorren udaberrirako espero da.
Donald Trump presidentearen esanetan, Munduko Merkataritza Elkartearen erabakia "garaipen garrantzitsua" da. Gainera, garaipen horren merezimendua bere gain hartu du Trumpek, Munduko Merkataritza Elkarteak presidentea "pozik" egotea nahi zuela esan baitu. Cecilia Malmstrom EBko Komertzio komisarioaren hitzetan, edoizen muga-zerga ezartzea "miopea eta kaltegarria" izango litzateke.