Mundua -

Brexit

Johnsonek Parlamentu britainiarraren jarduna etengo du urriaren 8tik 14ra bitartean

Horrela, datorren asteazkenean ez da lehen ministroari galderak egiteko asteroko saioa izango, oposizioak Gobernuaren jarduera kontrolatzeko erabiltzen dutena.

Boris Johnson, Erresuma Batuko lehen ministroa. Artxiboko argazkia: EFE
Boris Johnson, Erresuma Batuko lehen ministroa. Artxiboko argazkia: EFE
Boris Johnson, Erresuma Batuko lehen ministroa. Artxiboko argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak Parlamentu britainiarraren jarduna etengo du urriaren 8tik 14ra bitartean. Egun horretan, Elisabet II.ak "Erreginaren Hitzaldia" deiturikoa emango du, Parlamentuaren ikasturte berriari hasiera emateko.

Astearte gauean indarrean sartuko den etenaldi honek agenda legegilea prestatzeko denbora nahikoa emango dio Exekutiboari. Urriaren 14an, Elisabet II.ak gurdiz egingo du Buckingham jauregiaren eta Komunen Ganberaren arteko bidea, eta legegintzaldirako asmoak irakurriko ditu bertan.

Ohar batean, Johnsonek aurreratu du zerbitzu publikoak eta azpiegiturak hobetzeko proposamenen berri emango duela egun horretan, eta Erresuma Batua Europar Batasunetik aurreikusitako egunean, urriaren 31n, "aterako" dela ziurtatu du.

Testuinguru horretan, urriaren 17an eta 18an Europako Kontseilurako 27 herrialdeekin akordio berri bat lortzen badu, Johnsonek itun horri buruzko lege-proiektu bat txertatuko luke legegintzaldirako programan, eta Parlamentu britainiarrak urria amaitu aurretik onartu ahal izango luke akordio hori.

Abuztuan, Boris Johnsonek irailaren 10etik urriaren 14ra bitartean Parlamentuaren jarduna etetea agindu zuen, baina, hainbat salaketa jaso ondoren, Erresuma Batuko Auzitegi Gorenak legez kontrakotzat jo zuen, ahobatezko epaia baten bidez, lehen ministroaren erabakia, bost asterako itxiera luzeegia zela eta Johnsonek abantaila politikoa lortu nahi zuela iritzita.

Alabaina, orain ezarritako behin-behineko etenaldiak, ohikoa izan daitekeen iraupena du. Horrela, datorren asteazkenean ez da lehen ministroari galderak egiteko asteroko saioa izango. Horren bitartez, oposizioko diputatuek Gobernuaren jarduera kontrolatzeko aukera dute.

Parlamentuaren jarduna etenda, oposizioak ez du denbora nahikorik izango urriaren 31n akordiorik gabeko ‘brexit’a saihestuko lukeen proposamen legegilerik aurkezteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna Europa Erresuma Batua Eguneko albisteak Albisteak Brexita Zer da Brexita Elisabet II.a erregina Ingalaterra Boris Johnson