Mundua -

FRANTZIA

Frantziak ohore guztiekin agurtu du Jacques Chirac

Hilkutxa, Frantziako banderarekin estalia, segizioan iritsi da Saint-Sulpicera.

Macron Chiracen hilkutxaren aurrean. Reuterseko bideo batetik ateratako irudia.
Macron Chiracen hilkutxaren aurrean
Chiracen hilkutxa ohore militarrekin agurtu dute Les Invalides jauregian

1:25

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Frantziak azken omenaldia eskaini dio Jaques Chirac presidente ohiari dolu eguna eta zeremonia erlijioso bikoitza eginez. Asteburuan zehar, hainbat herritar joan dira hil-kaperara presidente ohia agurtzera.

Azken agurra senideentzako hileta-elizkizun batekin hasi da Saint-Louis katedralean. Igandean 7.000 pertsona joan ziren hil-kaperara presidente ohiari azken agurra ematera.

Chirac Parisko etxean hil zen, 86 urte zituela. 2005ean burmuinean arazo baskular bat izan zuenetik azkenaldian bizitza publikotik urrun egon izanak ez du eragotzi V. Errepublikako presidente maitatuena izatea, Charles de Gaullerekin batera, Le Journal du Dimanche egunkariak egindako galdeketa baten arabera.

2003an Irakeko gerraren aurka agertu, derrigorrezko zerbitzu militarra kendu eta planeta babestearen alde mintzatu izanak nabarmen handitu zuen haren ospea, eta egun hauetan kaleetan argi ikusi da herritarrek maite eta nazioarteko agintariek errespetatu egiten zutela.

Hilkutxa, Frantziako banderarekin estalia, segizioan iritsi da Saint-Sulpicera, eta Emmanuel Macron presidenteak omenaldi militarra eskaini dio bertan.

Ekitaldia bukatutakoan, Macronek Eliseo jauregian hartu ditu atzerritik joandako gonbidatuak.

15:00etan, minutu bateko isilunea egin dute, eta eraikin ofizialetan banderak haga erdian izan dira egun osoan.

Ehorzketa pribatua izan da, eta Montparnasseko hilerrian lurperatu dute Chirac, Laurence alabaren ondoan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Frantzia Eguneko albisteak Albisteak Emmanuel Macron