Mundua -

Presidentetzarako bozak

Hauteskunde egunak 32 hildako eta 123 zauritu utzi ditu Afganistanen

113 atentatu izan dira. Talibanek 64 eraso bere gain hartu dituzte. Hauteskundeetako behin-behineko emaitzak urriaren 19an emango dituzte jakitera.

Afganistango hauteskunde presidentzialak. Argazkia: EFE
Afganistango hauteskunde presidentzialak. Argazkia: EFE
Afganistango hauteskunde presidentzialak. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gutxienez 32 pertsona hil eta 123 zauritu dituzte 113 erasotan, Afganistango hauteskundeetan, Pajhowk bertako albiste-agentziak jakitera eman duenez. Talibanek 64 eraso bere gain hartu dituzte.

Parte-hartze txikia izan da hauteskundeetan; izan ere, talibanen eta Ameriketako Estatu Batuen arteko negoziazioen hausturak hauteskundeak erabat baldintzatu ditu.

Hala ere, Masoud Andarabi Barne ministroak adierazi duenez, talibanek ez dute lortu hauteskundeak gelditzea, saiakeran "porrot" egin dute.

Zabalik izan diren 4.928 hauteslekuetatik, 37 zentrotan bozketa bertan behera utzi behar izan dute. Segurtasuna indartzeko, Afganistango Gobernuak segurtasun zerbitzuko 72.000 pertsona zabaldu ditu, eta beste 30.000 pertsona alertan jarri ditu.

Asadullah Khalid Defentsa ministroa pozik agertu da azken asteetako mehatxu talibanak "ezer ezean" geratu direlako. Halaber, "egun historikoa" izan dela azpimarratu du.

9,6 milioi herritar izan dira hauteskundeetan boza emateko deituak, horietatik %34,5 emakumeak. Botoa emateko 4.928 hauteslekuak bertako 7:00etatik (02.30 GMT) 17:00etara (12.30 GMT) izan dira zabalik.

Hauteskundeetako behin-behineko emaitzak urriaren 19an jakitera emango dituzte. Behin betiko datuak, ostera, azaroaren 7an jakinaraziko dituzte.

Hautagaietako batek botoen %50a lortzen baditu, irabazle izendatuko dute. Inork kopuru hori lortu ezean, boto gehien lortu dituzten bi hautagaiek bigarren itzuli batera joateko aukera izango dute.   

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Nazioartea Atentatuak Alderdi politikoak berriak Eguneko albisteak Albisteak Hauteskundeak Terrorismoaren Biktimak Gaur Asia albisteak Talibanen erregimenaren azken ordukoa