Mundua -

Venezuela

EBk Venezuelako zazpi segurtasun-kiderentzako zigorrak berretsi ditu

Horrela, Europar Batasunak gauzatzen du aste honetan adostutako akordioa, eta luzatu egiten du herrialde horretako krisiarekin lotutako zigortuen zerrenda.

EBk ostiral honetan berretsi ditu zigorrak. Argazkia: EFE.
EBk ostiral honetan berretsi ditu zigorrak. Argazkia: EFE.
EBk ostiral honetan berretsi ditu zigorrak. Argazkia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europar Batasunak ostiral honetan gauzatu du Venezuelako segurtasun- eta inteligentzia-indarretako zazpi kide zigortzeko erabakia; izan ere, "torturetan eta giza eskubideen urratze larrietan" nahasiak daudelakoan dago. Besteak beste, Rafael Costa Arevalo kapitainaren heriotzarekin lotura dutela uste du EBk.

Horrela, Europar Batasunak gauzatzen du aste honetan adostutako akordioa, eta luzatu egiten du herrialde horretako krisiarekin lotutako zigortuen zerrenda.

Zigortu berri horietako lauk "lotura" dute Acosta Arevaloren heriotzarekin; aurreko ekainaren 29an gertatu zen, Acosta atxilotuta eta Nicolas Maduroren zaintzapean zegoela, EBren Kontseiluak agiri batean zehaztu duenez.

Zigorren berri Europako Egunkari Ofizialean eman dute, eta segituan sartu dira indarrean; horien ondorioz, zigortuek europar eskumenpean dituzten ondareak eta aktiboak blokeatuta izango dituzte, eta debekatuko zaie Europar Batasunean sartzea.

Hain zuzen ere, hauek zigortu dituzte: Nestor Blanco Hurtado Guardia Nazionaleko maiorra, Rafael Ramon Blanco Marrero Inteligentzia Militarraren Zuzendaritza Orokorreko alboko zuzendaria (Acosta kapitainaren heriotzarekin lotura zuzena omen du), Carlos Calderon Inteligentzia Nazionaleko goi-agintaria, eta Alexis Enrique Escalona Marrero Delinkuentzia Antolatuaren eta Terrorismoaren Finantziazioaren aurkako Bulego Nazionaleko burua (Bahiketen Komando Nazionaleko burua izan zen).

Halaber, EBk Acostaren heriotzarekin lotutako beste hiru agintari zigortu ditu: Rafael Antonio Franco Quintero eta Hannover Esteban Guerrero Mijares agenteak, eta Alexander Enrique Granko Arteaga Inteligentziako Gai Berezietako zuzendaria.

Giza eskubideen egoera, hondatuta

Europar Batasunak Acosta kapitainaren heriotza "tragikoa" salatu zuen bere garaian: "Herrialdean bizi den giza eskubideen egoeraren hondatzearen eredu nabarmena da". Michelle Bachelet Giza Eskubideetarako Nazio Batuetako mandatariaren aurkikuntzak babestu zituen EBk; Bacheletek txosten bat aurkeztu berri du, eta, bertan, berresten da argi eta xehetasun osoz giza eskubideen Venezuelako urratzeen larritasuna eta maila handia. Eskubide Estatua eta erakunde demokratikoak ere arriskuan daude, txostenaren arabera.

"Venezuelako egoeraren larritasuna kontuan izanik, batez ere frogatuta giza eskubideak urratzen direla eta tortura egiten dela, eta baieztatuta urratze horiek segurtasun- eta inteligentzia-zerbitzuetako erregimenaren aldeko kideek gauzatzen dituztela, zazpi lagun sartu behar ditugu zigortuen zerrendan", azaldu du EBk.

Horrenbestez, EBk Venezuelako 25 goi-kargu, politikari eta militar ditu zigortuta; horien artean Diosdado Cabello Biltzar Konstituziogilearen presidentea dago. Europar Batasunak 2017ko azaroan zigor-sorta batzuk ezarri zituen; horiek hurrengo azaroaren 14ra arte izango dira indarrean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Venezuela Nicolás Maduro Guaidó albisteak