Mundua -
Frantzia
Jacques Chirac zendu da
Frantziako presidente ohia 86 urte zituela hil da Parisen.
agencias | redacción
Frantziako presidente ohia zendu da ostegun honetan 86 urte zituela. Parisen bizi zen etxean hil da, senideek Frantziako hedabideei jakinarazi dietenez.
1995 eta 2007 urteen artean izan zen presidente. Bizitza publikotik erretiratua zegoen eta 2005ean gaixotasun baskularra izan zuen.
2016ko irailean, oporretan zegoela, Marokotik Frantziara itzuli behar izan zen birikietako infekzio batek jota. Azken agerraldi publikoa 2014ko azaroan egin zuen.
Richard Ferrand Frantziako Asanblea Nazionaleko presidentearen esanetan, "Frantziako historiaren zati bat da Chirac".
Parisen jaio zen 1932ko azaroaren 29an. Ikasketa Politikoen Institutuan (Sciences Po) ikasi zuen eta gaztetan sozialistekin eta komunistekin ibili zen, baina gerora eskuinera egin zuen eta hamarkadetan zehar eskuinaren buru nagusienetariko bat izan da.
Frantziako lehen ministroa izan zen bitan, baita ministroa soilik ere, eta Pariseko alkatea izan zen.