Mundua -

AEB

Deiaren transkripzioak erakusten du Trumpek dei egin ziola Ukrainari Biden iker zezan

Demokratek presidentea kargugabetzeko prozesua abiatu dute. Zelenskik ukatu egin du inor "presionatu" duenik Biden iker zezan.

Donald Trump. EFE
Donald Trump. EFE
Deiaren transkripzioak erakusten du Trumpek dei egin ziola Ukrainari Biden iker zezan

1:40

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Etxe Zuriak publiko egin du Donald Trump AEBko presidenteak eta Vladimir Zelenski Ukrainako presidenteak izan zuten dei telefonikoaren transkripzioa, eta horrek erakutsi egiten du estatubatuar agintariak Joe Biden presidenteorde ohia ikertzeko dei egin ziola.

Atzo, Alderdi Demokratak Trump kargugabetzeko prozesua abiatu zuen, segurtasun nazionalera traizio egitea egotzita.

"Asko hitz egiten ari da Bidenen semeari buruz, eta Bidenek akusazio bat geldiarazi zuela, eta jende askok gehiago jakin nahi du horri buruz. Beraz, fiskal nagusiarekin zerbait egin ahal baduzu, primeran [...]", esan zion Trumpek Zelenskiri, uztailaren 25ean egindako telefono deian.

Joe Biden presidenteorde izan zen Barack Obamaren gobernuan (2009-2017), eta egun Alderdi Demokrataren presidentegaia izateko lehian dago. Gainera, Burisma ukrainar gas enpresan aholkulari izan zen.

Zure interesekoa izan daiteke: Zer da 'impeachment'a?

"Fabore bat egitea gustatuko litzaidake [...]. Gustatuko litzaidake fiskal nagusiak zuri deitzeko gaian sakontzeko", gaineratu zuen trumpek, eta bere abokatuak, Rudy Giulianik, deituko ziola esan zion.

Etxe Zuriaren esanetan, transkripzioa ez da hitzez hitzezkoa, AEBko Gobernuaren zenbait funtzionarioren notekin eginda baitago.

Transkripzio horretan, baina, ez dago aipamenik demokratek egindako beste akusazio baten inguruan: Trumpek Ukrainarentzako diru-funtsak blokeatu ote zituen, presio neurri gisa.

Bitartean, Donald Trumpek ukatu egin du Vladimir Zelenski Ukrainako presidenteari presio egin izana Joe Biden AEBko presidenteorde ohia iker zezaten.  

"Ez zen inolako presiorik izan (…). Hau guztia sorgin ehiza da, lotsagarria", adierazi du kazetarien aurrean, New Yorken Venezuelako egoerari buruzko bilera batean partea hartu eta gero.

Zelenskik ukatu egin du inor presionatu izana

Vladimir Zelenski Ukrainako presidenteak, bere aldetik, ukatu egin du inor "presionatu" duenik bere herrialdean Joe Biden AEBko presidenteorde ohia iker zezan.

"Herrialde independentea dugu, eta fiskal orokor independentea. Ezin dut inor presionatu", adierazi du Zelenskik Trumpekin New Yorken batzarra egin ostean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ukraina Ameriketako Estatu Batuak Hauteskundeak AEB Eguneko albisteak Albisteak Donald Trump Hauteskundeak Joe Biden azken albisteak Volodimir Zelenski