Mundua -
ERRESUMA BATUA
Erresuma Batuko Parlamentuak bere jardunari ekin dio berriro, etenaren ostean
Boris Johnson lehen ministroak agerraldia egingo du arratsaldean. Oposizioak dimisioa eta publikoki barkamena eskatzeko galdegin dio.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Erresuma Batuko Komunen Ganberak bere jardunari berrekin dio gaur, 15 eguneko etenaren ostean. Parlamentua ixteko erabakia legez kanpokoa dela ebatzi zuen atzo Erresuma Batuko Auzitegi Gorenak, eta John Bercow Komunen Ganberako presidenteak jardunari gaur bertan ekiteko agindu zuen.
Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak irailaren 10etik urriaren 14ra arte itxi zuen Komunen Ganbera, Elisabet II.a erreginak jarduna eteteko baimena eman ostean. John Bercowek irekieraren ostean azaldu duenez, Auzitegi Gorenaren epaia nolabait islatzeko, irailaren 10etik gaur arteko saioak "atzeratu" egin zirela jasoko du Parlamentuko buletinak.
Gaurko saioaren hasieran, Geoffrey Cox Estatuko abokatuak hitz egin du. Horren hitzetan, Gobernuak "fede onez" erabaki zuen Parlamentuaren jarduna etetea brexit-aren bezperan.
Diputatuek egindako eskaeren aurrean, Coxek adierazi du aztertuko duela Johnsoni emandako legezko aholkularitza (Elisabet II.ari baimena eskatu baino lehen emandakoa) publiko egin ala ez.
Boris Johnson goizean heldu da Londresera, NBEren goi-bileran parte hartu ostean, eta 15:30ean (13:30 GMT) agerraldia egingo du Parlamentuan.
Jeremy Corbyn Alderdi Laboristako buruak eta oposizioko beste alderdietako buruzagiek Johnsonen dimisioa eta hauteskundeak aurreratzea eskatu dute.
Horrez gain, lehen ministro britainiarrak publikoki barkamena eskatu behar duela uste du Corbynek, Parlamentuaren jarduna legez kontra etetea eskatzeagatik.