Mundua -
Klimari buruzko goi-bilera
2050erako CO2 isuriak zerora murrizteko konpromisoa hartu dute 77 herrialdek
Hala ere, Ameriketako Estatu Batuek (AEB), Txinak edota Indiak ez dute bat egin.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Nazio Batuen Erakundeak (NBE) antolatuta New Yorken klimari buruz egiten ari diren goi-bileran, 2050. urterako CO2 isuriak zerora murrizteko konpromisoa hartu dute 77 herrialdek. Dena dela, Greta Thunberg gazte ekintzaile suediarra izan da eguneko protagonista. Traizioa eta gazteei huts egitea leporatu die agintariei.
Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiak ohartarazpen mezua egin du: "Denborarik gabe gelditzen ari gara, baina oraindik ez da beranduegi".
Ildo horretan, politikak eta jarrerak aldatzeko itxaropentsu agertu da. Haren esanetan, New Yorkeko goi-bilera hau "ez da hitz egiteko edo negoziatzeko goi-bilera bat; nahikoa hitz egin da eta naturarekin ez da negoziatzen. Ekintzarako garaia da". "Larrialdi klimatikoaren borroka galtzen ari gara, baina irabaz daiteke. Krisi klimatikoa guk eragin dugu eta konponbideak ere guregan daude", nabarmendu du.
Donald Trump AEBko presidenteak klima aldaketa ukatzen du eta ez du goi-bileran parte hartu. Hala eta guztiz ere, goi-bileran agerraldi laburra egin du, eta Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiak aurrerapauso gisa hartu du.
Trumpek uko egin dio Greta Thunberg ekintzailearekin aurrez aurreko bat izateari. Dena dela, biek elkar ikusi dute eta begiradak trukatu dituzte.
Kontuak kontu, Greta Thunberg 16 urteko ekintzaile suediarra izan da eguneko protagonista. Bere hitzaldian, errieta egin die agintariei klima aldaketaren aurka neurriak ez hartzeagatik.