Mundua -

NBE

Greta Thunbergek agintariei: 'Gustatu ala ez, aldaketa badator'

Gazte suediarrak Ekintza Klimatikoaren Goi-bileran hitz egin du, eta agintariei galdetu die ea "nola ausartzen" diren "beste alde batera begiratzen, eta hona etorri eta nahikoa egiten dutela esaten".

Greta Thunberg, NBEren egoitzan, New Yorken. Argazkia: Efe
Greta Thunberg, NBEren egoitzan, New Yorken. Argazkia: Efe
Greta Thunbergek agintariei hitzetatik ekintzetara pasatzea eskatu die

1:44

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Greta Thunberg gazte ekintzaile suediarrak, krisi klimatikoaren aurkako gazte mugimenduaren buruak, estatuburuei eta gobernuburuei esan die ez dutela nahikoa egiten krisi klimatikoa iraultzeko, eta ohartarazi die gazteek aldaketari ekingo diotela, haiei "gustatu ala ez".

"Hemen eta orain aurrerapausoa emango dugu, badator aldaketa, gustatu ala ez", adierazi du Thunbergek Nazio Batuen Erakundearen egoitzan, New Yorken, egiten ari diren Ekintza Klimatikoaren Goi-bileraren hasieran.

"Ekosistemak hiltzen ari dira, desagertze handi baten atarian gaude", gaineratu du 16 urteko ekintzaileak, buruzagiei beste alde batera begiratzea edo diruan bakarrik pentsatzea egotzi aurretik.

"Triste eta haserre", Thunbergek esperientzia pertsonaletik abiatu du hitzaldia, eta azpimarratu du gaur ez lukeela NBEren egoitzan egon behar gazte guztien izenean hitz egiten, baizik eta eskolan, ozeanoaren beste aldean.

"Ametsak lapurtu dizkidate, nire haurtzaroa, hitz huts horiekin", adierazi eta hau gaineratu du: "Dena den, zortea dut, asko baitira sufritzen ari direnak, hiltzen ari direnak", berotzearen ondorioz.

Gazte ekintzaileak, mundu osoan milioika gazteren inspirazio iturri bihurtu denak, berretsi du duela hainbat hamarkadatik "datu zientifikoak oso argiak" direla krisi klimatikoaren eta ondorio larrien inguruan.

"Nola ausartzen dira beste aldera begiratzen, eta hona etorri eta nahikoa egiten dutela esaten? Entzuten gaituztela esaten dute, larrialdia ulertzen dutela, baina… Benetan egoera ulertuko balute, ez lukete ezer egin gabe jarraituko", adierazi du, "ez dut sinetsi nahi maltzurkeriaz jokatzen dutela" gaineratu aurretik.

Gretak esan duenez, mundu mailako tenperatura gradu eta erdi ez igotzeko isuri kutsakorrak erdira murrizteko proposamena ez da nahikoa ausarta.

"Guretzat ez da onargarria, gu izango baikara ondorioak biziko ditugunak", adierazi du, eta azpimarratu "gazteei kale egiten" ari direla, baina gazteak "traizioaren tamainaren jabe" direla.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea NBE albisteak Eguneko albisteak Albisteak Ekologia azken ordukoa Gazteak Larrialdi klimatikoa 2024 Arabiar Emirerri Batuetako klimari buruzko goi-bileraren helburuak Euskal Herriko kutsadura