Mundua -
Venezuela
Edgar Zambrano Venezuelako Asanblea Nazionaleko presidenteordea aske utzi dute
Juan Guaidok ziurtatu duenez, Zambranoren askapena “herritarren eta nazioarteko herrialdeen garaipen bat da”. Maiatzaren 8an atxilotu zuten Asanblea Nazionaleko presidenteordea, Caracasen.
Agentziak | Erredakzioa
Edgar Zambrano Venezuelako Asanblea Nazionaleko presidenteordea aske utzi dute astearte honetan, atxilotu eta lau hilabetera, Tarek William Saab herrialdeko fiskal nagusiak jakinarazi duenez.
“Edgar Jose Zambrano espetxetik ateratzea eta kartzela-zigorraren ordez kautelazko beste neurri batzuk ezartzea erabaki du gaur Egiaren, Justiziaren eta Bakearen Batzordeak (...)”, azaldu du Saabek, bere Twitter kontuan zabaldu duen mezu batean.
Juan Guaido Venezuelako Asanblea Nazionaleko presidente eta oposizioko buruak adierazi duenez, Zambranoren askapena “herritarren eta nazioarteko herrialdeen garaipen bat da”. Ildo horretatik, erabakia Michelle Bachelet Nazio Batuen Giza Eskubideetarako Goi Komisarioaren txostenarekin bat datorrela nabarmendu du.
"Ez ziren inoiz espetxean egon behar. Inoiz ere amore eman ez dugun herritarron lorpen bat da. Askatasuna Venezuelarentzat! ", azpimarratu du Guiadok.
"Venezuelako preso politikoak askatzeko prozesua hasi da", adierazi du Timoteo Zambrano oposizioko diputatuak Twitterren. "Edgar Zambrano diputatuaren askapena ospatu dezagun", gaineratu du.
SEBIN Venezuelako Inteligentzia Zerbitzuko agenteek maiatzaren 8an atxilotu zuten Zambrano, Caracasen, Venezuelako hiriburuan, hain zuzen ere.