Mundua -

BREXITA

Komunen Ganberak atzera bota du hauteskundeak aurreratzeko Boris Johnsonen asmoa

Bozketaren ostean, Parlamentuak ateak itxi ditu urriaren 14ra bitartean. Gainera, azken saioan, John Bercow Komunen Ganberako presidenteak dimisioa iragarri du urriaren 31rako.

Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroa, Komunen Ganberan. Argazkia: EFE
Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroa, Komunen Ganberan
Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroa, Komunen Ganberan. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Erresuma Batuan, Komunen Ganberak atzera bota du bart, bigarrenez, hauteskundeak urriaren 15era aurreratzeko Boris Johnson lehen ministroak aurkeztutako proposamena.

Lehen ministroak 434 diputaturen aldeko botoa behar zuen mozioa aurrera ateratzeko, baina 293 baino ez ditu jaso. 46 diputatuk kontra bozkatu dute eta gainerakoak abstenitu egin dira.

Bozketaren ostean, Komunen Ganberak ateak itxi ditu datorren urriaren 14ra arte. "Parlamentuaren jarduna etenda gelditu da, eta Komunen Ganbera 2019ko urriaren 14an elkartuko da berriro", irakur daiteke Erresuma Batuko Parlamentuak Twitter sarean duen kontuan.

"Beste behin, gehiago dakiela uste du oposizioak", esan du Boris Johnsonek bozketaren emaitza ezagutu berritan. Buruzagi kontserbadoreak urriaren 15erako deitu nahi zituen hauteskundeak, urriaren 17an Bruselarekin goi-bilera egin baino lehen. Lehen ministroaren esanetan, Parlamentuak bere proposamena atzera bota badu ere ez dio Europar Batasunari brexita hiru hilabete atzeratzea eskatuko, nahiz eta urriaren 19rako akordiorik lortu ezean lege batek horrela agintzen dion.

Parlamentuak presazko tramitazio bat baliatu du aipaturiko legea onartzeko, eta, izapide guztiak gaindituta, Isabel II.a erreginak bere oniritzia eman dio.

Bestalde, atzoko saioan, John Bercow Komunen Ganberako presidenteak iragarri du dimisioa emango duela urriaren 31n, Erresuma Batua Europar Batasunetik irteteko aurreikusitako epemuga betetzen den egunean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eskozia berriak Erresuma Batua Eguneko albisteak Albisteak Brexita albisteak Zer da Brexita Londres albisteak gaur Ingalaterra albisteak Britainiar lehen ministro ohia