Mundua -

Brexit

Johnsonek Parlamentuko gehiengoa galdu du, diputatu bat alderdiz aldatu ostean

Komunen Ganberak gaur gauean erabaki dezake akordiorik gabeko 'brexit'a galaraziko lukeen legea izapidetzen hasi edo ez.

Boris Johnson lehen ministro britainiar kontserbadorea. Argazkia: Efe
Boris Johnson lehen ministro britainiar kontserbadorea. Argazkia: Efe
Johnsonek Parlamentuko gehiengoa galdu du, diputatu bat alderdiz aldatu ostean

1:39

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Boris Johnson lehen ministro britainiar kontserbadoreak Komunen Ganberako gehiengoa galdu du diputatu 'tory' bat Alderdi Liberal Demokratara joan delako.

Philip Lee da diputatu hori, 2010etik Komunen Ganberan dagoena, eta erabaki hori hartu du Johnson "kaltegarria izango den 'brexit'a bilatzen" ari dela iritzita.

Johnsonek orain arte diputatu bakar bateko abantaila zuen, Ipar Irlandako unionisten diputatuak batuta.

Udako atsedenaren ostean Parlamentua berriro ireki dutenean iritsi da Leeren jakinarazpena, diputatuak akordiorik gabeko 'brexit'a galaraziko lukeen legearen inguruko lehian hasi aurretik.

Oposizioko diputatuek eta kontserbadore errebeldeek John Bercow Komunen Ganberako presidenteari eskatu diote onar dezala aparteko eztabaida bat egitea gaur, eta bozketa baterako baimena eman dezala saioaren amaieran.

Bercowk proposamena onartu duenez, gaur gauean (Euskal Herriko 23:00etan) bozkatuko dute mozioa, 'brexit' gogorraren aurkako legea izapidetzen hasteko ahalmena emango lukeena.

Bozketan mozioa aurrera aterako balitz, legea premiazko prozedurarekin hasiko dira eztabaidatzen bihar bertan.

"Errendizio legea"

Gaurko Parlamentuko saioan, Johnsonek Jeremy Corbyn laboristen buruak proposatutako "errendizio legea" arbuiatu du, eta berretsi du bere Gobernuaren lehentasuna berme argiak izango dituen 'brexit'a adostea dela.

Johnsonek, Biarrizko G7ren bileran buruzagi europarrekin izandako hartu-emanen laburpena egin ostean, gaitzetsi egin du EBren aurrean "bandera txuria" altxatu nahi izatea. Lehen ministroak ohartarazi du ez duela onartuko negoziazioan mugak jarriko dizkion ekimenik.

Corbynek, bere aldetik, Johnsonena "koldarkeriaren gobernua" dela adierazi du, eta proposamen berririk aurkeztu ez izana leporatu dio. Buruzagi laboristak uste du lehen ministroak "plan bakarra" duela, eta 'brexit'a akordiorik gabe egitea dela hori.

Corbynek Johnsoni eskatu dio ziurta dezala herritar guztien aurrean errespetatu egingo duela, onartzen bada, 'brexit' "antidemokratikoa" eta "inkonstituzionala" blokeatzeko legea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea EB Europa bideoak Erresuma Batua Eguneko albisteak Albisteak Brexit albisteak Zer da Brexita