Mundua -
KOLONBIA
FARCeko kide ohi gehienak bakearekin konprometituta daude, 'Timochenko'ren arabera
Gerrillako azken buru militar eta egun FARC alderdiko presidente denak barkamena eskatu du talde disidente batek atzera armak hartzeko egin duen aukeragatik.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Kolonbian, FARCeko talde disidente batek berriro armak hartuko dituela iragarri izanak hautsak harrotu ditu. Gerrillako azken buru militar eta egun FARC alderdiko presidente den Rodrigo Londoño 'Timochenko'k ziurtatu duenez, gerrillako kide ohi gehienak bake akordioarekin konprometituta daude.
"Gehiengo zabalak adostutakoarekin konprometituta jarraitzen dugu. Nahiz eta zailtasunak eta arriskuak izan, bakearekin gaude", adierazi du Londoñok bere Twitter kontuan.
Nuestro compromiso hoy más que nunca, como mayoría, como partido, como país, es la paz, la defensa y cumplimiento del acuerdo. Se equivocan quienes se alejan de la paz, como quienes la han atacado siempre. Somos @PartidoFARC #SeguimosPorLaPaz pic.twitter.com/wiV7Uq0tam
— Rodrigo Londoño (@TimoFARC) August 29, 2019
Beste txio batean, Pedro Antonio Marin "Manuel Marulanda" edo "Tirofijo" FARCeko sortzaileari erreferentzia egin dio, FARC alderdiak bakearekin duen konpromisoa berresteko.
"Manuel Marulandak hitza betetzen erakutsi zigun. Gure hitza gaur bakearekin eta adiskidetzearekin dago", azpimarratu du. "Oztopoak eta zailtasunak izan arren, bakearen bidea egokia dela ziur gaude".
Bestalde, barkamena eskatu du talde disidente batek atzera armak hartzeko egin duen aukeragatik. Are gehiago, horien jarrera lotsagarria dela adierazi du. "Lotsa sentitzen dugu. Nik barkamena eskatzen diet Kolonbiako herriari, nazioarteko komunitateari eta prozesu hau babesteko borrokan aritu diren Kubari eta Norvegiari", gaineratu du.
Azkenik, deliratzea egotzi dio Ivan Marquez talde disidente horretako kideari: "Gaur egungo Kolonbian borroka armatua aldarrikatzea hutsegite bat da".