Mundua -

KOLONBIA

Kolonbiako Gobernuak ez duela 'mehatxurik' onartuko esan du Ivan Duque presidenteak

Halaber, ordainsari handiak eskaini ditu Ivan Marquez FARC gerrillako bigarrena izan zena eta beste disidenteak atxilotzen lagunduko duen informazioaren truke.

Ivan Duque Kolonbiako presidentea. Argazkia: EFE
Ivan Duque Kolonbiako presidentea
Ivan Duque Kolonbiako presidentea. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kolonbian, FARC gerrillako talde disidente batek atzera armak hartzeko erabakia hartu ostean, Ivan Duque Kolonbiako presidenteak hitz egin du bere Gobernuak mehatxurik ez duela onartuko esanez. Halaber, ordainsari handiak eskaini ditu (3.000 peso kolonbiar, 790.000 euro inguru) Ivan Marquez FARC gerrillako bigarrena izan zena eta beste disidenteak atxilotzen lagunduko duen informazioaren truke.

Atzo zabaldutako bideo batean, borroka armatura itzultzeko erabakia iragarri zuten Ivan Marquezek eta FARCeko disidente talde batek, Ivan Duque presidenteak 2016ko bake akordioari traizioa egin diola iritzita.

Bost minutuko hitzaldi batean, FARCeko disidente taldearen iragarpenari erantzun dio Ivan Duque presidenteak. Haren esanetan, "ez gaude gerrilla berri baten sorreraren aurrean. Narkoterrorista talde bat da, Nicolas Maduroren diktaduraren babesean beren delituzko ekintzekin jarraitu nahi duena".

Presidente kolonbiarraren hitzetan, "premiazkoa" da bideoan ageri diren gerrillariak Bakerako Jurisdikzio Berezitik eta FARC alderditik kanporatzea.

Ivan Marquez buru duen grabazioan ageri diren pertsona horietako bakoitza atxilotzen lagunduko duen informazioaren truke, 3.000 milioi peso kolonbiar (790.000 euro) eskaini ditu Ivan Duque presidenteak. Gainera, erabakia gaitzesteko eskatu dio nazioarteko komunitateari.

"Ez da nahasmendurik egon behar; gobernu honek legearen baitan bakearen alde lanean jarraituko du", adierazi du Duquek. Horrez gain, bere gobernuaren "konpromisoa" berretsi du bake akordioaren baitan aurrerapausoak ematen ari direnekin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Kolonbiako albisteak gaur Latinoamerikako azken ordukoa Nicolás Maduro