Mundua -

KOLONBIA

FARCeko talde disidente batek atzera armak hartzeko erabakia hartu du

Ivan Marquez gerrillako bigarrena izan zenak borroka armatuaren aro berri bat iragarri du Jesus Santrichekin eta El Paisarekin batera agertu den bideo batean.

Ivan Marquez FARC gerrillako bigarrena izan zena. Youtubeko bideo batetik ateratako irudia
Ivan Marquez FARC gerrillako bigarrena izan zena, artxiboko irudi batean
FARCeko 'Ivan Marquez' disidenteak armak berriro hartuko dituela iragarri du

5:09

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kolonbian, FARC gerrillako talde disidente batek atzera armak hartzeko erabakia hartu du eta "borrokarako aro berria" hasi duela iragarri du. Ivan Marquez gerrillako bigarrena izan zenak eman du albistea, interneten zabaldutako bideo batean.

"Munduari aditzera eman nahi diogu Marquetalia bigarrena hasi dela (duela mende erdi baino gehiago FARC sortu zen tokia), zapalkuntzaren aurka armetan altxatzeko munduko herriek duten eskubide unibertsalaren babesean", esan du Marquezek. Haren alboan, hogei pertsona inguru ageri dira, fusilak eskuan.

Bideo horretan, Marquez ez ezik, Jesus Santrich edota El Paisa FARCeko gerrillari ohiak ageri dira.

"Inoiz ez gaituzte ez menderatu eta ezta garaitu ere ideologikoki. Hori dela eta, borrokak aurrera darrai. Armak hartzera behartu gintuztela jasoko dute historiako orriek", dio 2019ko abuztuaren 29ko data eta 32 minutuko iraupena duen bideoan.

Grabazioan diotenez, Inirida ibaiaren toki batetik ari dira hizketan, Venezuelako eta Brasilgo mugetatik gertu.

Marquezen esanetan, borroka armatura itzultzeko erabakia "estatuak Habanako bake akordioari egindako traizioaren erantzuna da". Gaineratu duenez, aliantzak bilatuko dituzte ELN Nazioa Askatzeko Armadarekin.

Ivan Marquez sarritan agertu izan da FARCek armak uztearen aurka eta "akatsa" izan zela nabarmendu izan du. Haren hitzetan, 2016ko azaroan bake akordioa sinatu zenetik buruzagi sozialak eta gerrillari ohiak hiltzen jarraitu dute eta estatua egin du sinatutakoa ez betetzearen erantzule.

Manifestuaren irakurketa amaituta, Santrichek hartu du hitza eta "Gora FARC-EP" esanez. Gainerako gerrillariek gora esanez erantzun diete.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Kolonbia