Mundua -
AMAZONIA
Amazoniako milioi bat indigena arriskuan daude suteengatik
Europar Batasuna Brasili Amazoniako suteen kontra borrokatzeko laguntza ekonomikoa emateko prest dagoela adierazi du Europar Kontseiluko Donald Tusk presidenteak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gutxiengoen Eskubideen Nazioarteko Taldearen (MRG) arabera, Amazoniako basoetan bizi diren milioi bat indigena arrisku larrian daude eskualdeko suteen ondorioz. Horregatik, neurri zehatzak exijitu dizkie Biarritzeko G7ko goi-bileran bildu diren agintariei.
"Planetarentzat larrialdi bat dela diote eta egia da, baina larrialdia berehalakoagoa da aspalditik lur horietan modu iraunkorrean bizi diren milioi bat indigenen giza eskubideentzat", adierazi du MRGko Joshua Castellino zuzendari exekutiboak.
"Haien bizitzak eta bizimodua arriskuan daude indigenek lur horiekiko dituzten eskubideak urratzen dituen eta mozketaren eta meatzaritzaren mesedetan jarduten duen gobernu baten erruz", deitoratu du Castellinok. Gainera, egoerarekiko "isiltasun burrunbatsua" salatu du.
Hori dela eta, egoera larriari ekitera eta "irabaziak jendearen eta planetaren aurretik jartzen dituen munduko ordenari aurre egitera" deitu ditu asteburuan Biarritzen bildu diren G7ko kideak.
Egoera nazioarteko krisitzat jo dute Frantziako Emanuel Macron presidenteak eta Alemaniako Angela Merkel kantzilerrak klima-aldaketaren kontrako borrokan duen garrantziagatik.
Brasilgo Espazioko Ikerketa Institutu Nazionaleko datuen arabera, Amazoniako suteak % 83 igo dira aurten, 2018ko datuekin alderatuz.
EBk laguntza ekonomikoa eskainiko dio Brasili
Europar Batasuna (EB) Brasili Amazoniako suteen kontra borrokatzeko laguntza ekonomikoa emateko prest dagoela adierazi du G7ko goi-bilera baino lehen Europar Kontseiluko Donald Tusk presidenteak.
Amazoniako baso tropikalen irudia gure garaiko zeinu etsigarria bilakatu da. EB prest dago sutten kontra borrokatzeko laguntza ekonomikoa emateko", zaldu du Tuskek bileraren hasieran.
Horrez gain, Brasilgo agintariek Amazoniako basoen suntsipena gelditzen ez badute, Europar Batasunaren eta Mercosurren arteko merkataritza hitzarmenaren berrespenari erain diezaiokela ohartarazi du Tuskek.