Mundua -
SUTEAK
Milaka hektarea kiskali ditu suak Amazonian
Gobernuz kanpoko erkaundeak hondamendiaren atzean daudela iradoki du Jair Bolsonaro Brasilgo presidenteak. Greenpeace eta WWF erakundeen ustez, Bolsonaroren hitzek zigorgabetasuna elikatzen dute.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Brasilgo Amazoniako eskualdea azken urteetako suterik latzenak pairatzen ari da, deforestazioaren ondorioz bereziki, baina Brasilgo Jair Bolsonaro presidenteak GKEak egon daitezkeela hondamendiaren atzean iradoki du.
Gero, ez diela erakunde ekologistei suteak sortzearen errua bota azaldu du presidenteak, eta esandakoa bere mesfidantzetan eta ustetan oinarritzen zela onartu du. Gobernua Amazonia erretzen ari diren suak ikertzen ari dela gehitu du Bolsonarok.
Espazio Ikerketako Institutu Nazionalaren arabera (INPE), herrialdeko suteen fokuak % 83 igo dira 2018ko datuekin alderatuz.
Zabaldutako txostenean, urtarrilaren 1etik abuztuaren 18ra bitartean 71.497 foku erregistratu direla herrialdean zehaztu du INPEk, % 52,5 Amazonian izan direlarik.
Ingurumen Ministerioak iparraldeko eta mendebaldeko lehorteei leporatu die egoera. Hala ere, hainbat talde ekologistek suteak gizakien ekintzen ondorioa direla mantentzen dute, bereziki, Bolsonarok eskualdeko meatzaritza eta nekazaritza ustiaketarekin jarraitzeko helburua dutenena.
Suteak deforestazioaren ondorioa direla susmatzen den arren, Amazoniako suteak GKEek eragin zitzaketela iradoki du Bolsonarok bere Gobernuaren irudia zikintzeko.
Bere hipotesia indartzeko, Gobernuak "ustez" Amazonia zaintzeko proiektuak egiten ari ziren GKEentzako zihoan diru publikoa moztu duela gogorarazi du.
"Horrela, diru falta sentitzen ari dira", gehitu du Bolsonarok, eta orain planetako biriki handieneko suteak eragindakoak izan diren zehaztu behar dela.
Hala ere, ez dagoela ikerketarik martxan onartu du, eta "zaila" izango litzatekeela GKEen erruduntasuna frogatzea.
Erakundeak kriminalizatzeagatik kritikatu dute Bolsonaro
Greenpeacek eta WWFk deitoratu dutenez, Bolsonaroren politikek eta deklarazioek Amazonia suntsitzen ari diren suteen zigorgabetasuna elikatzen dute. Kasu gehienetan, abeltzaintzarentzako eta, batez ere, abereak elikatzeko produktuak lantzeko, lurrak irabazteko eragindako suak direla esan dute erakundeek.
Miguel Angel Soto Greenpeaceren Basoen kanpainaren arduradunaren arabera, urtero erretzen da oihana garai hauetan, eta horrek eskualde tropikaletan eta azpitropikaletan azkartzen ari den deforestazioa laguntzen du.
"Oihana garbitu nahi dute. Hori urtero 'queimaden' garaian egiten den prozesua da, soja, palma-olioa edo kautxua landatzeko, eta deforestazioa arazo larri bat bihurtzen ari dira", esan du.
Bolsonaroren Gobernuaren lehentasunak eta mezuak deitoratu ditu Sotok, Brasilen garapena bultzatzeko Amazonia deforestatu, agroindustriari lagundu, GKEak kriminalizatu eta herri indigenen eskubideak eta espazioa babestu gabe utzi behar direla iradokitzen duelako.
"Gizarteak ez du onartuko lurraldea orain dela 500 urte bezala hartzen jarraitzea, basoak eraitsiz", adierazi du Ingurumen Batzordeko Rodrigo Agostinho presidenteak.
Agostinhoren arabera, "deforestazioak desberdintasuna eragiten du, eskubideak hondatzen dira eta urak kutsatzen dira, eta brasildarrek etorkizun desberdin bat nahi dute".