Mundua -
Contek dimisioa eman du
Mattarellak erabakiko du zer gertatuko den Italiako Gobernuan
Italiako presidenteak Conteren dimisioa jaso duela baieztatu, eta kontsulta epe bat abiatu du, egoera konpontzeko modu bat zehazteko. Bi aukera zabaldu dira Italiako zerumugan.
agentziak | erredakzioa
Sergio Mattarella Italiako presidenteak Giuseppe Conte lehen ministroaren dimisioa jaso eta onartu egin du. Gainera, iragarri duenez, kontsulta epe bat abiarazi du alderdiekin, egungo krisialdi politikoa nola konpondu erabakitzeko, Estatuko Buruzagitzaren esanetan.
Hori guztia egin bitartean, Presidentetzak jardunean jarraitzeko agindu dio Gobernuari, eta gaur bertan bilera sorta abiatuko duela aurreratu du. Lehen harremana Giorgio Napolitano presidente ohiarekin izango du Mattarellak, karguan egon zen garaiak halako hainbat krisialdi bizi izan baitzituen.
16:00etan eta 16:45ean estatuburua Senatuko eta Diputatuen Ganberako presidenteekin bildu, eta ondoren alderdi txikiekin biltzen hasiko da. Ordezkaritza handia duten alderdien txanda (Alderdi Demokratukoa -PD-, Forza Italia, Liga eta 5 Izar Mugimendua -M5S) ostegunean izango da.
Bilera sorta horren ondoren erabakiko du Gobernu alternatiboa osatzeko aukera dagoen, edo hauteskundeak deituko ote dituen, Matteo Salvini Ligako buruak eskatu bezala.
Contek kargua utziko zuela iragarri zuen atzo Senatuan egindako hitzaldi batean, eta Salviniri leporatu dio Liga eta M5Sren arteko koalizioa hautsi duen krisialdia eragin izana.