Mundua -

ARGENTINA

Alberto Fernandezek irabazi ditu presidentetzarako hauteskunde primarioak

Urriko hauteskundeetan garaipena lortzeko aukera gehien dituen hautagaia da Fernandez. Mauricio Macri egungo presidenteak, bestalde, porrot gogorra jaso du.

Alberto Fernandezek garaipena ospatzen. Argazkia: EFE
Alberto Fernandezek garaipena ospatzen
Alberto Fernandezek garaipen argia lortu du Argentinako primarioetan

1:23

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alberto Fernandez (Guztion Frontea) peronistak garaipen zabala lortu du igande honetan Argentinan, presidentetzarako hautagaiak aukeratzeko hauteskunde primarioetan, Mauricio Macriri 15 puntu atera baitizkio. Horrenbestez, urriko hauteskundeetan garaipena lortzeko aukera gehien dituen hautagaia da.

Botoen % 88,84 zenbatuta, Fernandezek botoen % 47,36 lortu ditu; Macrik, berriz, % 32,23.

Lehen galdeketen datuek Fernandez jotzen zuten garaile, baina ez tarte horrekin. Fernandezen garaipenarekin Kirchnertarrak agintera itzultzetik gertuago daude. Izan ere, Cristina Fernandez de Kirchner (2007-2015) presidente ohia da Fernandezen zerrendan presidenteorde kargurako hautagaia.

Hamar zerrenda aurkeztu dira orotara, eta gutxienez % 1,5eko babesa eskuratu dutenak lehiatuko dira urriaren 27ko hauteskunde orokorretan.

Fernandezek Guztion Frontea alderdiak Buenos Airesen daukan bunkerrean ospatu du garaipena, eta argentinarrak "historia berri bat eraikitzen hasi dira", esan du.

"Ez gatoz erregimen berri bat ezartzera, Argentina berri bat sortzera baizik; gezur garai honi amaiera emango dion herria sortu nahi dugu, baita argentinarrei etorkizun hobea emango diona ere", adierazi du Fernandezek.

Gaurtik aurrera "mendekua alde batera utziko dugu, baita banatzen gaituen edozer gauza ere", gaineratu du.

Mauricio Macri egungo presidenteak, bestalde, porrot gogorra jaso du. "Biziki sentitzen dut hainbeste argentinarrek ustea iraganean aukera berri bat dagoela. Nik uste dut hori ez dela horrela", esan du Macrik hunkituta.

Horren esanetan, "bihartik aurrera egoera zuzentzeko lanean hasi behar dugu". Halaber, urrian "Argentinako datozen 30 urteak erabakiko dira", azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Latinoamerika Argentina Hauteskundeak