Mundua -

AEB

Venezuelak AEBn dituen ondasunak blokeatu ditu Trumpek

Trumpen Gobernuak ez du zehaztu zeintzuk diren Venezuelak Ameriketako Estatu Batuetan dituen ondasunak; neurriaren menpe daudenak.

Donald Trump. ETBko bideo batetik ateratako irudia.
Donald Trump
Donald Trump. ETBko bideo batetik ateratako irudia.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nicolas Maduro agintetik baztertzeko saiakera berri batean, Ameriketako Estatu Batuetako Donald Trump presidenteak blokeo osoa ezarri die Venezuelako Gobernuak AEBn dituen ondasunei.

"Nicolas Maduroren legez kanpoko erregimenak eta horren kolaboratzaileak boterea usurpatzen ari direlako" hartu du erabakia presidenteak.

Gainera, "giza eskubideen kontrako abusuak", "adierazpen askatasunaren kontrako interferentzia" eta oposizioko Juan Guaido liderraren "agintea ahultzeko saiakera" aipatu ditu Trumpek erabaki hori justifikatzeko.

Trumpen Gobernuak ez du zehaztu zein ondasun dituen Venezuelak Ameriketako Estatu Batuetan, eta, ondorioz, neurriak zein ondasuni eragingo dion.

Venezuelak AEBn duen aktibo nagusia, Citgo petrolio-enpresa, urtarriletik dute blokeatuta, Trumpen Gobernuak Petróleos de Venezuela S. A. (PDVSA) enpresaren kontrako zigorrak ezarri zituenetik.

Madurori eta PDVSAri Citgoren kontrola kentzeaz gain, AEBko Gobernuak onartu egin du Venezuelako Asanblea Nazionalak, Guaidok zuzentzen duen organismoak, izendatutako zuzendaritza berria.

Urtarrilean Washingtonek Guaido Venezuelako presidente bezala aitortu zuenetik, Trumpen Gobernuak Madurorekin harremana duten ehun pertsona eta erakunderi ezarri dizkie zigorrak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Eguneko albisteak Albisteak Venezuela Petrolioa Donald Trump Juan Guaidó