Mundua -

AEB

Texasko tiroketak hispanoen aurkako gutun batekin loturarik duen ikertzen ari dira

Bitartean, Patrick Crusius 21 urteko estatubatuarra galdekatzen ari dira ikertzaileak. El Paso hiriak 700.000 biztanle inguru ditu, eta hamarretik zortzik jatorri hispanoamerikarra dute.

El Paso hiriko merkataritza-gune handi batean izandako tiroketa. Argazkia: EFE
El Paso hiriko merkataritza-gune handi batean izandako tiroketa. Argazkia: EFE
El Paso hiriko merkataritza-gune handi batean izandako tiroketa. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Texas estatuan bizi diren hispanoamerikarren inbasioaren kontrako gutun batek larunbat honetan El Paso hiriko merkataritza-gune handi batean izandako tiroketarekin loturarik ote duen ikertzen ari dira AEBko segurtasun indarrak, El Paso Times tokiko egunkariak igandean jakitera eman duenez.

"Susmagarriaren gutun bat daukagu esku artean, erasoa etorkinen kontrako gorroto delitu bat izan daitekeela frogatuko lukeena", azaldu du goizaldean Greg Allen El Pasoko poliziaburuak.

20 hildako eta 26 zauritu utzi dituen sarraskia gertatu baino lehen, erasotzailearen izenean sare sozialetan zabaldutako gutun horretan Texasen "hispanoamerikarren inbasioaren inguruan" hitz egiten du susmagarriak, eta "etorkinak arraza zuriko herritarren tokia hartzen ari direla" ohartarazten du, tokiko hedabideek zabaldu dutenez.

Kongresuan El Paso barrutia ordezkatzen duen Veronica Escobar senatari demokratak azaldu duenez, idatzi horretan "etorkinen aurkako gorrotoa" islatzen du egileak. Hala, atxilotuak tiroketarekin izan dezakeen lotura aztertzen ari direla berretsi du.

"Testua gorrotoz beterik dago. Mezuan arrazakeria, intolerantzia eta zatiketaren alde egiten du", gaineratu du Escobarrek.

Bitartean, Patrick Crusius 21 urteko estatubatuarra galdekatzen ari dira ikertzaileak. Dallasen bizi da, Texasko hiriburuan, eta, antza denez, hamar ordutik gora egin zituen autoan merkataritza-gunean tiroketa burutu aurretik. Errifle bat hartu, eta 20 minutuz egin zuen tiro.

Segurtasun indarrek oraindik ez dute baieztatu atxilotuaren izena, eta atxilotua "21 urteko gizon bat" dela besterik ez dute esan.

El Paso Texas mendebaldean dago, Mexikoko mugan, 700.000 biztanle ditu, eta hamarretik zortzik jatorri hispanoamerikarra dute.

Tiroketa gertatu zen merkataritza-gunea mugatik oso gertu dago, Mexikoko herritarren artean oso ezaguna da, eta asteburuetan erosketak egitera joaten dira bertara.

Bestalde, hildakoen artean hiru mexikar daudela baieztatu du Andres Manuel Lopez Obrador Mexikoko presidenteak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak albisteak Atentatuak bideoak Mexiko bideoak Eguneko albisteak Albisteak