Mundua -

ATENTATU TERRORISTA

Gutxienez 65 pertsona hil dira Boko Haramek Nigeriako ipar-ekialdean egindako erasoan

Atentatua ahuku edo segizio baten aurka egin dute Nganzai herrian, Borno estatuan. Talde jihadistak eskualdeko beste herri batean ere egin du eraso, baina ez dute bertan hildakoen berri eman.

Borno estatuan (Nigeria) Boro Haramek egindako atentatua. AFPeko bideo batetik ateratako argazkia.
Borno estatuan (Nigeriako ipar-mendebaldea) Boro Haramek egindako atentatua.
Borno estatuan (Nigeria) Boro Haramek egindako atentatua. AFPeko bideo batetik ateratako argazkia.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Boko Haram (Estatu Islamikoa Mendebaldeko Afrikan) talde terroristak ahuku edo segizio baten kontra Borno estatuan (Nigeriako ipar-ekialdean) egindako atentatuan gutxienez 65 pertsona hil dira, Mohamed Bulama bertako udal gobernuaren buruak estatuko telebistari jakitera eman dionez.

Zenbait iturri ofizialek Vanguard hedabide nigeriarrari adierazitakoaren arabera, erasoa bart izan da, talde jihadistaren jomuga den Nganzai herrian.

Herri horretako bizilagun baten esanetan, terroristak segizioaren aurrean bildu dira, eta bat-batean egin dute horien kontra, motorrez eta kamionetaz.

Talde terrorista horrek eskualde bereko beste herri batean ere egin du eraso, baina ez dute jakitera eman zenbat lagun hil diren bertan.

Iazko irailean, Boko Haramek ganadua lapurtu eta zortzi pertsona hil zituen bi herrixkatan, bertako herritarrek aurre egin zietenean abereak lapurtzea saihesteko.

Muhamadu Buhari Nigeriako presidenteak, ohar ofizial baten bitartez, gogor gaitzetsi ditu atentatuak, eta hilketaren erantzuleak atzemateko agindu die Armadari eta Aireko Indarrari.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Afrikako berriak Nazioartea Atentatuak Estatu Islamikoa Eguneko albisteak Albisteak