Mundua -

VENEZUELA

Sanchezi hauteskundeak irabaziko lizkiokeela esan du Madurok

Espainiako hiri batean egindako inkesta gogora ekarrita, Venezuelako presidenteak esan du galdetutako gehienek ez zekitela nor den Portugalgo presidentea, baina denek zekitela nor den Venezuelakoa.

Nicolas Maduro. Argazkia: EFE.
Nicolas Maduro.
Nicolas Maduro. Argazkia: EFE.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainian ezaguna dela eta Sanchezi hauteskundeak irabaziko lizkiokeela esan du Nicolas Madurok uztailaren 25etik 28ra Caracasen egin duten Sao Pauloko Foroaren 25. edizioa ixteko ekitaldian.

“Espainian aurkeztuko banintz, azaroan egin nahi dituen hauteskundeak irabaziko nizkioke Pedro Sanchezi. Espainiar pasaportea atera, eta Espainiako hauteskundeetan aurkeztea pentsatzen ari naiz”, adierazi du.

Duela egun batzuk Espainiako hiri batean egindako kale-inkesta bat ikusi zuela, eta, horren arabera, galdetutako gehienak ez zirela Portugalgo presidentearen izena (Marcelo Rebelo de Sousa) esateko gai izan azpimarratu du Madurok.

Nola deitzen da Venezuelako presidentea? galdetuta, berriz, Maduro erantzun zuten guztiek”, azaldu du. Hori esandakoan, agurra bidali die espainiarrei, Espainian “asko” maite dutelako.

Maduroren esanetan, baliteke Espainiako albistegiek Sanchezen kontrako mehatxutzat hartzea bere hitzak: “Honakoa esango du gaueko albistegiak: Madurok Sanchez mehatxatu du gaur. Maduro diktadoreak hauteskundeetara aurkeztu eta Sanchezi irabazteko mehatxua egin dio. Espainiarrok protesta egin behar dugu”.

Venezuelako presidentearen arabera, Venezuelaren kontrako “kanpaina nazkagarri bat” dago, eta hainbat hedabide eta politikari “edozer asmatzeko prest daude” bere izena zikintzeko. “Baina seguru nago, konfiantza dut oraindik, errealitatea, egia, edozein gezur, edozein kanpaina, baino gehiago izango dela beti”, esan du.

Harremanak Pedro Sanchezekin

Maduroren Gobernuaren eta Espainiaren arteko harremanak hotzak dira Sanchezek Juan Guaido, Venezuelako Asanblea Nazionaleko presidentea, herrialdeko behin-behineko presidente gisa aitortu zuenetik.

Espainiako Gobernuak hauteskundeak deitzeko eskatu dio behin baino gehiagotan Madurori. 2013tik da Venezuelako presidentea, eta urtarrilean berritu zuen kargua.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Nazioartea Hauteskunde orokorrak Espainian Pedro Sánchez albisteak Eguneko albisteak Albisteak Venezuela Latinoamerika Nicolás Maduro Hauteskundeak gaur