Mundua -
AMERIKETAKO ESTATU BATUAK
Lau pertsona hil eta 15 zauritu dituzte Kalifornian, tiroketa batean
6 urteko mutiko bat, 13 urteko neskatila bat, 20 bat urteko gazte bat eta erasotzailea bera azken tiroketaren biktimak izan dira Ameriketako Estatu Batuetan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ameriketako Estatu Batuetan, gutxienez lau pertsona hil eta 15 pertsona zauritu dituzte Kaliforniako Gilroy udalerrian izandako tiroketa batean. Poliziak jakinarazi duenez, ustezko erasotzailea hil dute.
6 urteko mutiko bat, 13 urteko neskatila bat, 20 bat urteko gazte bat eta erasotzailea bera azken tiroketaren biktimak izan dira Ameriketako Estatu Batuetan.
Erasoa bertan 17:41 zirenean gertatu da. Antza denez, pertsona bat tiroka hasi da Baratxuriaren Jaialdian (Gilroy Garlic Festival) parte hartzen ari zirenen aurka.
Erasotzailea 19 urteko gazte bat izan da, bertako komunikabideek ikerketako iturriak aipatuz jakitera eman dutenez. Susmagarria Santino William Legan bezala identifikatu dute. Gilroykoa zen, eta Berakatz Jaialdiaren (Gilroy Garlic Festival) irudiak zabaldu ditu erasoa egin baino gutxi lehenago.
Instagram sare sozialean, jaialdiaren aurkako adierazpenak egin ditu Leganek. Produktu txarrak "salneurri izugarrietan" saltzea leporatu dio erasotzaileak jaialdiari. Gainera, bisitariak "Silicon Valleyko mestizo eta zuri horda ergelak dira", esan du.
Bestalde, Donald Trump AEBko presidenteak kontuz eta seguru ibiltzeko deia egin du sare sozialetan.