Mundua -
Venezuela
Venezuelako argindar sistemaren aurka egindako erasoak salatu ditu Madurok
Urtarriletik uztailera bitartean, lau itzalaldi masibo izan dira Venezuelan, eta, Caracasen ere kalteak izan dituzte. Argindarraren mozketak etengabeak dira barnealdean.
Agentziak | Erredakzioa
Nicolas Maduro Venezuelako presidenteak salatu duenez, martxotik uztailera bitartean, ezezagun batzuek “eraso ugari" egin dituzte Venezuelako argindar sistemaren aurka, eta, horietako batek, zazpi orduko itzalaldia eragin zuen astelehenean, herrialde osoan.
Presidenteak aurreratu duenez, datozen orduetan "eraso elektromagnetiko horren frogak” aurkeztuko ditu bere gobernuak. “Aberri honen etsaiek sistema elektriko nazionala deskonektatzea lortu dute berriro", esan du Madurok, eta argindar zerbitzua berrezartzen ari direla azaldu du.
Halaber, "inperialismo iparramerikarrari" egotzi dio erasoa agintariak, Donald Trumpen administrazioa "Venezuelan izandako porrotengatik etsita” egongo litzatekeela iritzita.
"Ezin izan dute Venezuela garaitu, eta ez dute inoiz lortuko", ohartarazi du Madurok, eta, azkenaldian ugaritu diren itzalaldiei aurre egiteko neurriak hartu dituztela esan du.
"Etengabeko erasopean gaude", salatu du Madurok, eta Venezuelako Armada Nazionala egoera horren jakinean dagoela gaineratu du. "Sistema elektrikoa babesten ari dira", esan du.
Urtarriletik hona, lau itzalaldi masibo izan dira Venezuelan, eta, Caracasen ere ondorioak jasan behar izan dituzte. Azken urteetan, argindarraren mozketak etengabeak dira barnealdeko zenbait eskualdetan, Zulia eta Tachira (Kolonbiarekin mugan daudenak) eta Merida (mendebaldean) estatuetan bezala.
2019an, Venezuelako Gobernuak hiru ministro izan ditu sektore elektrikoaren zorroaren buru, baina tokiko oposizioa eta AEB egin izan ditu beti itzalaldien erantzule.
Oposizioaren iritziz, berriz, Energia Elektrikoaren ministerioan dagoen ustelkeria eta sektorera bideratutako milaka milioi dolarren erabilera desegokia dira gaur egungo krisiaren erantzuleak.