Mundua -

Perfila

Johnson, gorrotatua bezain maitatua

Politikari polemikoak 'brexit'a urriaren 31rako gauzatuko duela hitzeman du, akordioa lortu ala ez. Kontserbadoreen ustez, bera da alderdia putzutik atera eta hauteskundeak irabazteko aukera bakarra.

Johnson, atzo, barne hauteskundeen garaile zela jakin ostean. Argazkia: EFE
Boris Johnson.
Johnson, atzo, barne hauteskundeen garaile zela jakin ostean. Argazkia: EFE

EFE

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alderdi Kontserbadoreak Boris Johnson aukeratu du buruzagi eta, horrenbestez, bera izango da Erresuma Batuko lehen ministro berria. Karisma handikoa, miresmena eta arbuioa eragiten ditu alderdikideen artean.

Europar Batasuneko egiturekin kritikoa oso, brexit-a urriaren 31n gauzatuko duela hitzeman du, kosta ahala kosta, akordioa lortuta edo hura barik.

Theresa Mayren ondorengoa aukeratzeko barne hauteskundeetan faborito zen, eta aise gailendu zaie gainerako 10 lehiakideei.

Brexit-aren auzian jarrera irmoa izan behar dela uste du Johnsonek, eta bere irmotasuna ikusita, asko eta asko beldur dira dibortzioa akordio barik gauzatuko ez ote den.

Bromazale eta umoretsua, histrionikoa zenbaitetan, gorrotatua bezain maitatua da. Batzuentzat, politikari abila eta argia da; beste batzuentzat, ordea, azalekoa eta arduragabe hutsa.

Alderdi Kontserbadorearen buruzagiek —euroeszeptikoak erabat — babesa eman diote. Mayren Gobernuko ministro batzuek, aldiz, haren agindupean egongo ez direla iragarri dute: besteak beste, Philip Hammond eta David Gauke (dimisioa eman du jada), hurrenez hurren, Ekonomia eta Justizia ministroak edota Rory Stewart Nazioarteko Lankidetzarako arduraduna.

Estatu txiki baten eta interbentzionismo txikiaren aldekoa da Johnson, baina batez ere, brexit-aren defendatzaile sutua. Hain justu, horrek eragin zuen iaz Mayrekin izandako liskarra. Atzerri ministro kargua utzi zuen Mayren jarrera epelegia zelakoan.

Polemikoa eta karisma handikoa

Ahobero hutsa izatearen ospea du, eta adierazpen polemikoak egin ditu maiz: "burka"k postontziekin alderatu zituenekoa, edo Tony Blairrek Kongora egindako bidaiari buruz esandakoak ("sandien irribarreak zituzten tribuetako gerlariek" egindako harrerari buruz mintzatu zen).

Politikari izan baino lehen kazetari jardun zuen Johnsonek. The Times (aipu bat asmatzeagatik kaleratu zuten) eta The Daily Telegraph egunkarientzat egin zuen lan.

2001ean sartu zen politika munduan. Diputatu aukeratu zuten aurrena, eta bere karismaren jakitun, Londreseko Alkatetzarako proposatu zuten 2007an. Bi legegintzalditan egon zen alkate.

Orain, Alderdi Kontserbadoreak boto-asmoaren inkestak kontra dituen honetan, toriek Johnson jotzen dute alderdia onik ateratzeko eta 2022ko hauteskundeak irabazteko aukera bakarra.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna Europa Erresuma Batua Eguneko albisteak Albisteak Brexita Zer da Brexita Theresa May Ingalaterra Boris Johnson lehen ministro ohia